Eneritz Aramendi Garmendiak eta Koldo Ayesta Zaballak irabazi dute 22. Mutrikuko Herri Krosa
49 lagunek hartu dute parte gaurko 22. Mutrikuko Herri Krosean. Aramendi eta Ayestak lortu dute lehenengo postua.
Talaixa Triatloi Klubak antolatuta, 22. Mutrikuko Herri Krosa lehiatu dute gaur 49 korrikalarik. 11:00etarako atera dira guztiak Goiko Plazatik, Debara arteko bidea egin, eta buelta egin dute Mutrikura, guztira 10 kilometro osatuz. Koldo Ayesta Zaballa laudioarra izan da helmugaratzen lehena, hamar kilometroak 33 minutu eta 8 segundotan eginez; iazko irabazlea baino 49 segundo lehenago helmugaratu da. Lehenengo emakumea, aldiz, Eneritz Aramendi Garmendia azpeitiarra izan da, 39 minutu eta 7 segundoko denbora eginda. Guztira 49 korrikalarik hartu dute parte krosean.Â
Emakumezkoetan, Eneritz Urrutia Tena arrasatearrak lortu du bigarren postua, 40 minutu eta 35 segundoko denborarekin, eta Garazi Artola Balda izan da hirugarrena, 41 minutu eta 40 segundoko denbora eginda.Â
Gizonezkoetan, Hugo Rodriguez Gonzalez berriozarrak eskuratu du bigarren postua, Ayestaren atzetik, 33 minutu eta 42 segundoko denborarekin. Iaz bigarren postua eskuratu arren, aurten, hirugarren postuan gelditu da Julen Etxebarria Urrosolo ondarrutarra, 33 minutu eta 58 segundoko denbora eginda.
Herritarrek ere, maila ona erakutsi dute gaurkoan. Emakumeei dagokienez, Itziar Tapia Lavandeira izan da helmugara heldu den lehenengo mutrikuarra eta bakarra, 51 minutu eta 57 segundoko denborarekin; beraz, Tapiak eskuratu du saria. Gizonezkoei dagokienez, Julen Barjola Alonso izan da lehen mutrikuarra, 36 minutu eta 55 segundoko denborarekin. Bigarrena, Iñaki Iparraguirre Gutierrez izan da (37:40), eta hirugarrena, berriz, Erketz Azkue Beitia (38:45).Â
Beteranoenentzako ere sariak egon dira. Lasterketan parte hartu duen emakume beteranoena Vanessa Cerrajero Barbero azpeitiarra izan da, eta gizonezkoetan, Asier Aranburu San Pedro.Â