Aitor Bizkarrak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa
Aitor Bizkarra abadiñarra nagusitu da Zeanuriko Ibarreta frontoian lehiatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako lehen itzuliko lehenengo saioan; Aissa Intxaustik laugarren amaitu zituen lanak. Hurrengo finalaurrekoa domekan [azaroak 2] jokatuko dute, Abadiñon.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea Martxan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea: atzo [urriak 27] lehiatu zuten finalaurrekoetako lehen saioa Zeanurin, eta txapelketako lehen saioan egin legez, Aitor Bizkarra abadiñarra nagusitu zen, azaroaren 15ean [zapatua] Bermeon jokatuko den bigarren itzuliko saiorako zuzeneko txartela lortuz. Aissa Intxausti lekeitiarrak, 2023ko finalista izanik ziurtatuta zuen finalaurrekorako txartela, eta atzo estreinatu zen txapelketan
Ibarreta frontoian batu ziren 525 bertsozaleren aurrean aritu ziren bertsotan Bizkarra, Intxausti, Bittor Altube abadiñarra, Imanol Uria algortarra, Jone Uria getxoztarra eta Oihana Bartra bilbotarra Beñat Vidal gai jartzailearen agindupean aritu ziren kantuan, eta epaile lanetan, berriz, Ainhoa Arregi, Ander Arrien, Garazi Mendoza, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuertes, Marta Ortiz eta Miriam Juaristi aritu iren. Itxaro Juaristik egin zituen idazkari lanak.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Bizkarra eta Uria getxoztarraren arteko lehia estua izan zen, baina lan puntuagarriak 649,5 puntugaz amaitu zituen abadiñarrak, Uriak baino puntu erdi gehiagogaz. Bartrak osatu zuen lehen saioko podiuma, 629,5 puntugaz. Halere Uria eta Bartrak, Uria (615 puntu), Intxausti (594 puntu) eta Altubek (547 puntu) bezala, finalaurrekoen lehen itzuliko saioak bukatzearen zain egon beharko dute Bermeoko eta Markina-Xemeingo finalaurrekoetarako sailkatu diren ezagutzeko.
Hurrengoa, Abadiñon. Etenik barik, domekan [azaroak 2] lehiatuko dute lehen itzuliko bigarren finalaurrekoa, Abadiñoko probalekuan eta horretan Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrak egingo du debuta, Intxausti bezala 2023ko txapelketako finalista izan baitzen. Berarekin batera oholtzaratuko dira Gorka Pagonabarraga durangarra, Maite Sarasolda deustuarra, Enare Muniategi gautegiz arteagarra, Txaber Altube abadiñarra eta Unai Mendiburu algortarra. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus web orrialdean.