Ekaitz Herrera abadiñarrak irabazi du Augustin Zubikarai saria
Ekaitz Herrerak eskuratu du Augustin Zubikarai saria. Sari banaketan iazko irabazlea den Julen Apellak bere liburua aurkeztu zuen. Horrez gain, Nanoipuin lehiaketako sariak ere banatu zituzten; Amaia Trejo Aldekoa, Jon Bedialauneta Sevilla eta Laia Revuelta Bustingorri izan ziren irabazleak.
Augustin Zubikarai eta Nanoipuin lehiaketako saridunak. Ondarroako Udala. Ekaitz Herrera idazle abadiñarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai saria, Hondar baten arre lanagaz. Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak Herreraren lana aukeratu du aurkezturiko hogeita bosten artean. Hala, irabazleak zortzi mila euroko saria irabazi du, baita, nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratzeko aukera ere. Barikuan [urriak 24] banatu zuten saria, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien baitan, eta ekitaldi berean iazko irabazlea den Julen Apellak Sakelako bihotzak eleberria aurkeztu zuen. Gainera, Nanoipuin lehiaketako sariak ere banatu ziren.

Ekaitz Herrera eta Julen Apella.Ondarroako Udala.
Abadiñarrak idatzitako Hondar baten arre nobelak Mattinen istorioa kontatzen du. 60 urteko gizonezkoa da Mattin, ospitalearen aurreko postuan loreak saltzen dituena. Negozioak izan duen beherakada ikusirik, kalean ikusiko du bere burua, eta ondorioz, ikasle pisu batean topatuko du bizileku berria. Protagonista baino berrogei urte gazteagoak diren ikasleekin bizitzen ikasi, haien kodeak ezagutu eta ohitura berrietara egokitzea tokatuko zaio. Hala, apurka-apurka, bere burua hobeto deskubrituko du, bizitzaren etapa berri bati ekinez. Epaimahaiak, besteak beste, umorea, idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia eta hizkuntzarekin jolasteko trebezia azpimarratu ditu.
Ikus-entzuneko komunikazioan graduatua da Ekaitz Herrera Azkarraga, eta zenbait lan egin ditu euskarazko hedabideetan. Izan ere, ETBko saio ezberdinetan erredaktore eta gidoilari lanetan ibili da; besteak beste, Herri txiki infernu handi, Bisitaria, Burubero eta Sautrela. Gaur gaurkoz, Durangaldeko Anboto komunikabidean dabil, erredakzio buru.
Iazko saria. Julen Apella berriztarrak irabazi zuen iazko Augustin Zubikarai saria, eta aurtengo ekitaldian, aurkeztu du argitaratu berri duen Sakelako bihotzak eleberria. 2023an kokatuta dago eleberria, eta protagonistek 21-22 urte dituzte: Jokin eta Felix. Jokin, Arte Ederretan graduatua, ezinegon kultural eta artistikoak dituen gaztea. Bestetik, Felix, langile familia bateko semea, laguna baino hotzagoa eta neutroagoa. Bi protagonistak “a priori heterosexualak” diela azaldu du Apellak, eta ez duela emakumerik sartu protagonista moduan: “Ez ditut emakumeen egiturazko beste indarkeria batzuk bizi, eta ez nuen hor sartu nahi nire lehen eleberri honetan”.
Nanoipuin lehiaketa. Ekitaldi berean, 14. Nanoipuin lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Amaia Trejo Aldekoa izan da irabazlea, Jon Bedialauneta Sevillak bigarren postua lortu du, eta Laia Revuelta Bustingorrik, berriz, hirugarrena.
Ondorengoak izan ziren irabazleen nanoipuinak:
- 1. saria: Amaia Trejo Aldekoa:
- Tximeleta gorri, berde, zuri eta beltza margotu eta leihoan itsasi du umeak. Hegoak astinduz egin du ihes, bonba lehertu orduko.
- 2. saria: Jon Bedialauneta Sevilla
- Ezpainak okertu zituen nire ondoan eseri eta mespretxuz begiratu nion beltzaranak, biharamunean etxean kiskaltzetik atera ninduen berberak.
- 3. saria: Laia Revuelta Bustingorri.
- Inork ez dio kontatu orratzari haria besterik ez duela behar zuloak egiteari utzi eta zuloak ixten hasteko.