IV. Txara Trailek eta Mendi Filmek biribildu dute Markina-Xemeingo Mendi Astea
Txara Trail lasterketa Ander Gerrikaetxebarriak eta Olatz Salaberriak irabazi dute; lehenengo herritarra Xuban Muniozguren izan da. Txaramotx lasterketa, ostera, Jon Idigorasek eta Ane Fernandezek irabazi dute, eta lehenengo herritarrak Unai Pacho eta Nahia Ibarzabal izan dira.
Emakumezkoen podiuma.Mikel Revuelta Markina-xemeindarrek atzo [urriak 26] eman zieten amaiera Mendi Asteari eta antolatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute. Aste guztian egindako jarduerek jende ugari erakarri dute, eta giro ederra izan da nagusi, eguraldi aldakorrak eragindako oztopoak gorabehera.
Atzo [urriak 26] goizean, euria zela eta, umeentzako orientzaio ibilbidean parte hartzea apalagoa izan zen arren, Mendi Film jaialdia arrakastatsua izan zen: “Eguraldiak ez zigun lagundu goizean, eta 30 partaide inguru eduki zituen orientazio ibilbideak; iaz 150 inguru izan ziren, eta ziur gaude eguraldi onarekin helduko ginela berriro ere kopuru horretara, baina ezin izan da izan”. Arratsaldean, ostera, Esperantza aretoa ia bete egin zen: “100 toki daude, eta 80 lagun bertaratu ziren”. Bertan izan ziren Jabi Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendaria eta Mikel Lizarralde Zazpi dokumentalaren egilea ere: “Mikel Lizarralderi 2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten, eta bere bizipena kontatzera etorri zen. Solasaldia sortu zen publikoaren eta zuzendariaren artean, eta jendeak eskertu egin zuen dokumentalaren zuzendaria bera etortzea”.
Zapatuan [urriak 25], ostera, IV. Txara Trail lasterketa eta mendi martxa egin zituzten. 84 partaide eduki zituen Txara Trail lasterketak, eta 114 partaide, Txaramotx lasterketak. Hala, Txara Trail 21 kilometroko lasterketa Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak eta Olatz Salaberria azpeitiarrak irabazi zuten; zornotzarrak 01:54.56ko denbora egin zuen, eta azpeitiarrak 02:31.57ko denbora. Txaramotx 10 kilometroko lasterketa, ostera, Jon Idigoras legazpiarrak eta Ane Fernandez donostiarrak irabazi zuten; Idigorasek 00:52.13ko denbora eginda amaitu zituen lanak, eta Fernandezek, 01:06.53ko marka eginda.

Gizonezkoen podiuma.Mikel Revuelta
Txara Trail lasterketako gizonezkoen podiuma Xabat Maiotz segurarrak (01:56.40) eta Beñat Onaindia etxebarritarrak (02:02.35) osatu zuten. Emakumeen podiuma, aldiz, Yvonne Iturgaiz portugaletetarrak (02:34.36) eta Itsasne Bengoetxea zeanuritarrak (02:36.36) osatu zuten. Gizoentan laugarren, ostera, Xuban Muniozguren markina-xemeindarra geratu zen, eta ondorioz, bera izan zen lehenengo herritarra ere: “Lasterketaren zati handi baten lehenengo postuan joan zen, baina orkatila bihurritu zuen eta azkenean laugarren postuan iritsi zen helmugara”. Emakumezkoetan, ostera, ez zen herritarren parte hartzerik egon.
Txaramotx lasterketan Julen Dobarro mendaroarrak (00:52.20) eta Markel Ortuondo dimaztarrak (00:52.44) osatu zuten gizonezkoen podiuma, eta Irati Casais ondarrutarrak (01:07.01) eta Elaia Izagirre itziartarrak (01:08.35) emakumezkoen podiuma. Herritarrei dagokienez, emakumeetan parte hartzea handiagoa izan zen: “Nahia Ibarzabal izan zen herriko lehena, 01:08.39ko denborarekin. Elaia Izagirrerekin estu lehiatu ondoren, gutxigatik, baina ez zuen lortu podiumea sartzea eta laugarren sailkatu zen”. Mutiletan, ostera, Unai Pacho izan zen herriko lehena: “56 minutu eta 16 segunduko denbora oso onarekin amaitu zuen lasterketa. 16 urtetxo besterik ez ditu, baina zortzigarren geratu zen sailkapen orokorrean”.
Hitzaldiak. Eguna biribiltzeko, zapatu arratsaldean Oihana Azkorbebeitiaren eta Alex Arrateren hitzaldia egon zen: “Osasun mentala, euskararen erabilera, sare sozialen eragina eta Euskal Selekzioa izan ziren landutako gaietako batzuk. Gertuko gaiak landu zituzten, eta oso ondo egon zen”. Eguenean [urriak 23] aldiz, Antsotegin hasi zuten Mendi Astea, Eleder Calderon eta Pablo Escuderoren Gailur eta kebraden artean hitzaldiagaz: “Oso polita izan zen, eta gero publikoaren oso elkarrizketa polita sortu zen”.