Lea-Artibaiko lau bertsolarik lehiatuko dute 33. Bertsolari Gazteen BBK Sariketa
Astelehenean hasiko dute sariketa, eta abenduaren 4an jokatuko dute finala, Zornotzako Zelaieta Zentroko audiotorioan.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea. Bertsolari gazteen plazaratzean laguntzeko helburuarekin jaio zen 1992an Bertsolari Gazteen BBK Sariketa, eta helburu berari eutsiz hasiko dute 33. aldia astelehenean [azaroak 3], Bilboko Urretxindorra Ikastolan. Plazaratze horretan “lagungarria” da taldearen babesa, eta beraz, taldeka jokatzen dute. Era berean, antolatzaileek gogoratu bezala, “euskalgintzari eta kulturgintzari ekarpena egitea” ere bada sariketaren helburua.
Bi multzotan banatuko dira taldeak: A multzoan 18 urtera artekoak ariko dira, eta B multzoan 25 urtera artekoak. Lehenengo multzoan, zortzi talde sortu dituzte, eta taldeak hirukoteka osatu dituzte; bigarren multzoan, berriz, bost talde daude, bikoteka osatuta: “Iazko bideari jarraituta, eskualdeak oinarria bai, baina ez dira taldea osatzeko irizpide nagusia izan”.
A multzoan lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala lehiatuko dituzte, eta B multzoan, berriz, bi finalaurreko eta finala. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egingo du fase bakoitzean aurrera, eta horrela, multzo bakoitzeko talde bi helduko dira finalera. Hain zuzen ere, abenduaren 4an Zornotzako Zelaieta Zentroko auditorioan jokatuko dute finala: “Publikoari dagokionez, kanporaketetako ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak izango dira, eta finalaurrekoetako publikoa, euskara ikasleak izango dira, batez ere. Antolakuntzak finalaurrekoak, eta bereziki, finala ikustera etortzeko gonbidapena luzatu gura dio publikoari”.
Ariketei dagokienez, A mailan, aurreko urteetan bezala, honakoak egin beharko dituzte: lau oinak emanda, zortziko txikia, zortziko handia, bertso bat lehen puntua emanda, beste bat azken puntua emanda eta bakarka gai bati azken bertsoa. B mailan, “iaz proposatutako ariketa berrien arrakasta ikusita”, ildo bera mantenduko dute. Maila horretako bertsolariek zortziko handiko ofizioa, zortziko txikikoa, potokumeak eta puntu erantzunak elkarri jarrita osatu beharko dituzte saioak.
Azaroaren 18an, Gernika-Lumon. Asteleheneko saioren ondoren, Igorren ariko dira eguaztenean; Zallan azaroaren 10ean, Durangon azaroaren 12an, Mungian azaroaren 17an eta Gernika-Lumon azaroaren 18an. Lehenengo lau saioak goizez jokatuko dituzte, eta gainontzeko hirurak (finalaurrekoak eta finala) arratsaldez.
Lea-Artibaiko lau bertsolarik lehiatuko dute sariketa, denak ere A multzokoak dira. Oizpeko Pantolluk taldea osatu dute Ziortza-Bolibarko Malen Ibarzabalek, Markina-Xemeingo Haizea Rotaetxek eta Munitibarko Jon Abasolok, eta Txikitin Parian taldean dago Aner Goikoetxea munitibartarra.
Gaur goizean aurkeztu dute sariketa Bilbon, eta bertan egon dira Igor Menika Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea eta Maite Sarasola bertsolaria. “Esango nuke sariketa honen berezitasun bat kolektiboaren figura dela, hau da, zure hurbileko, konfiantzazko eta agian bertso eskola bereko kideekin igo eta taldean abestea. Oraindik sentitzen dut edo denok edo inor ez hori, edo batera goaz aurrera eta batera triunfatuko dugu edo elkarrekin sartuko gara lokatzetan”, adierazi du Sarasolak. Gazteek plazak behar dituzten modura, plazek ere gazteak behar dituztela azpimarratu du: “Askotan esaten da gazteok plazak behar ditugula eta, noski, hori horrela da, baina, agian, plazak ere behar ditu gazteak eta behar ditu ideia, ahots eta gorputz ezberdinak; hortaz, bete dezagun oholtza geuretik eta geuretzat, eta goza dezagun bertsoagaz kolektiboki”.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Gazteen udazkeneko bertso plana, Busturialdean
Azaroaren 14tik 15era, Gorozikako aterpetxean elkartuko dira bertsolari gaztetxoak. Izan ere, bertso-eskoletako gazteen arteko harremanak sendotzea da elkartearen helburuetako bat, eta helburu horrekin eta BBK Sariketarekin lotuta antolatu dute Gazteen udazkeneko bertso plana.
Egonaldia 2007-2010 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta dago, eta azaroaren 3ra arte izena eman dezakete, Bertsozale Elkartean www.bertsozale.eus webgunean: “Gorozikako aterpetxean elkartuko gara barikuan 17:30ean eta Bermeon amaituko dugu zapatuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoaren ostean. Bertso munduan sakontzeko aukera izango dugu, bertso eskoletan egiten dugun ohiko jardunetik haragoko pauso bat ematekoa. Egun ederra antolatu dugu denok batera egoteko; bertso eskola, ikastaroa, bertso-paseoa eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa”.
Egonaldirako 25 euro ordaindu behar dituzte, eta leku mugatuak daudenez, parte hartzaileen zerrenda osatzeko, izen-ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka eta generoa kontuan hartuko dituzte.