Lekeitioko kaleak "urdinez, alaitasunez eta bizipozez" bete dira
17. Lekitto Bixirik herri krosak 185 parte hartzaile eduki ditu nagusien mailan, eta denetan azkarrenak herritarrak izan dira: Mikel Arrasate eta Klaudia Erkiaga.
Jende ugari bertaratu zen korrikalariak animatzera ere.Amandarri Triatloi Taldea Lekeitioko nahiz inguruetako korrikalariek gorriz markatutako eguna izan zuten zapatukoa [urriak 25]. Izan ere, Amandarri Triatloi Taldeko kideek Lekitto Bixirik herri krosaren 17. aldia ospatu zuten. Aurtengoa, gainera, Palestinaren aldeko lasterketa izan zen, Lekitto Bixirik, Palestina ereĀ lelopean. “Giro oso-oso polita egon zen, txikienetatik hasita nagusietaraino. Eskerrik asko era batera edo bestera Lekeitioko kaleak urdinez, alaitasunez eta bizipozez bete zenuten guztioi. Guk argi daukagu Lekeitio eta Palestina bizirik nahi ditugula”.
Ume “askok” parte hartu zuen lasterketan, eta nagusiak ere, ez ziren atzean geratu: 185 parte hartzaile eduki ditu aurtengo lasterketak. Horietatik ugari izan ziren lekeitiarrak, eta horren islada izan zen podiuma: gizonetan Mikel Arrasatek eta emakumeetan Klaudia Erkiagak irabazi zuten lasterketa, biak ala biak, etxeko korrikalariak. 5,5 kilometroko lasterketa egin zuten, eta Arrasatek 17 minutu eta 10 segundoan amaitu zituen lanak; Erkiagak, ostera, 00:21.42ko denboragaz amaitu zuen lasterketa.
Gizonetan bigarren postua eskuratu zuen Aner Larreategi lekeitiarrak, Erkiaga baino 30 segundo gehiagogaz, eta Jokin Etxeberria jatabetarrak osatu zuen podiuma, 18 minutu eta bost segundoko marka eginda. Emakumeetan ere, lekeitarra izan zen bigarren sailkatua: Alaitz Kortabitartek 22 minutu eta 14 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Hirugarren postuan, ostera, Lide Roman durangarra heldu zen, 00:24.25eko denboragaz.