Azaroaren 4ra arte eman daiteke izena memoria lantzeko tailerrean
Lekeitioko Andraetxeak udazkenean hainbat tailer edota hitzaldi antolatu ditu, baina egitarauan aurten ikastaro bat sartu dute eta guzti. Hain zuzen ere, Bizitzen Fundazioagaz elkarlanean, emakumeentzako memoria lantzeko tailerra antolatu dute azaroaren 11tik abenduaren 16ra arte. Saioak asteartero izango dira, 16:30etik 18:00etara, Andraetxean.
Izen emate epea zabalik dago dagoeneko, eta horrelako mantenduko dute azaroaren 4ra arte. Andraetxetik gogoratu dute plaza mugatuak daudela eta interesa dutenek andraetxea@gmail.com posta elektronikora idatzi behar dute.
Bizitzen Fundazioak gidatuko du tailerra eta psikoestimulazio terapeutikoan oinarritzen da. Taldekako dinamika dela azaldu dute eta helburu dutela parte hartzaileen “bizi kalitatea kognitiboki hobetzea”. Emakumeen bizi kalitatea asko handitu daitekeela uste dute: “Ohitura osasungarriak eta autonomia sustatu, mendekotasun egoerak agertzea prebenitzea, gaitasun kognitiboak, motorrak funtzionalak, sentsorialak, emozionalak eta sozialak hobetzea edota pertsonen arteko harremanak sustatzea”.