Ispasterko euskal baserrien ibilbidea ostera ere arrakastatsua izan da
Zapatuan [urriak 25] 50 lagunetik gora elkartu ziren, tartean Leixuri Arrizabalaga foru diputatua.
Ispaster euskal landa ondarearen erreferente bihurtu da ostera ere. Ondare Jardunaldien baitan, iazko herriko baserrietako ibilbidea errepikatu zuten zapatuan [urriak 25]. Berriro arrakastatsua izan zen izen emateak arin agortu zirelako, 50 lagunetik gora elkartu ziren. Tartean izan ziren Garbiñe Saenz de Buruaga herriko alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua.
Anartz Ormaza, kultur ondarean espezialista den arkitektoa, eta Gillermo Ruiz de Erentxun, bideetan eta ondarean aditua izan ziren ibilbideko gidariak. “Euskal baserriaren bilakaera arkitektonikoa ezagutu ahal izan dute, bai eta ehun urtetik gorako baserrietan, Bizkaiko ondare altxorrik ezezagunenetakoetan, oraindik ere ageri diren historia eta bizimodu tradizionalak ere”.
Hain zuzen ere, Ispaster landa arkitektura tradizionalaren “museo bizia” dela nabarmendu dute. Herriak Bizkaiko baserririk zaharrenetako batzuk ditu, hobeto kontserbatu direnak eta estilo anitzekoak. “Adin guztietarako egokia den ibilbide baten bitartez, parte hartzaileek euskal baserriaren historia eta bere arkitektura bitxiaren berezitasunak ezagutu ahal izan dituzte, baita bere bilakaera eta bere sasoian burutzen ziren jarduerak eta gaur egun arte nola aldatu diren ere”.
Ispasterreko alkateak proposamenak berriro jaso duen harrera ospatu du: “Gurea bezalako udalerri txiki batentzat pozgarria da ikustea herritarrek interes handia dutela ia sekretua den eta balio handia duen ondare hau ezagutzeko. Pribilegio bat da hori partekatu ahal izatea eta gure baserrien historia bizia jende gehiagok ezagutu dezan laguntzea”.
“Herri txiki honen bilakaera historikoari esker ondare hau ia bere horretan mantendu da. Ispasterrek eutsi egin dio lehen sektorearekin zuen loturari, eta horri esker, baserriak mantendu dira, jatorrizko funtzioari eta arkitektura tradizionalari leial”. Zentzu horretan, Anartz Ormazak azpimarratu du “ia miraria” dela Ispasterreko baserri batzuek “garai bakoitzeko elementurik nabarmenenak” gorde izana.
Ispasterko baserrietan zeharreko ibilbidea lau ordukoa izan zen, herritar guztiek egiteko modukoa, eta hamar interesgunekoa, XV. mendearen amaieratik gaur egunera arte euskal baserriak izan duen bilakaera ezagutzeko aukera ematen dutenak. Nabarmendu dituzte, besteak beste, Erkiagabekoa baserria, Aixeder errota, Urkixa baserri-jauregi errenazentista, Batiz baserria eta Arana landa-jauregi barrokoa.