Balira irakurle taldeak eguenean hasiko du ikasturtea
Aurten bost emakumeren liburuak irakurriko dituzte, lau nobela eta komiki batean bananduta. Lehenengo saioa bihar [urriak 20] egingo dute: Annie Ernauxen 'Emakume izoztua' liburua izango dute hizketagai.
Balira irakurle taldearen iazko saioetako bat.Balira irakurle taldea. Mutrikuko Balira irakurle taldeko kideek joan den ikasturtean eman zituzten lehenengo pausuak, eta prest daude aurtengo ikasturteari hasiera emateko ere. Hala, bost emakumeren liburuak irakurriko dituzte aurten: lau nobelak izango dira, eta bat, komikia. Bihar [urriak 30] Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuarekin emango diete hasiera egitasmoari; 19:30ean elkartuko dira Mutrikuko Gaztetxean.
Biharkoaz gain, beste lau liburu zehaztu dituzte 2025-2026 ikasturterako. Bigarren irakurketa Carson Mc Cullers idazlearen El corazon es un cazador solitario liburua izango da, eta abenduaren 12an elkartuko dira irakurle taldeko kideak. Hirugarren hitzordua otsailaren 6an izango da, eta Eider Rodriguez idazlearen Eraikuntzarako materiala izango dute hizpide. Martxoaren 13rako, aldiz, Marjane Satrapiren Persepolis irakurriko dute, eta gaur gaurkoz, azken hitzordua apirilaren 24an izango da; Natalia Ginzburgen Familiako lexikoa irakurriko dute.
Balirako kideek irakurle taldean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta adierazi dute zehaztuta dituzten irakurketez gain, beste hainbat “egitarau txiki” antolatuko dituztela ikasturte guztian.
Egitaraua.
- Urriak 30. Emakume izoztua, Annie Ernaux.
- Abenduak 12. El corazon es un cazador solitario, Carson Mc Cullers.
- Otsailak 6. Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez.
- Martxoak 13. Persepolis, Marjane Satrapi.
- Apirilak 24. Familiako lexikoa, Natalia Ginzburg.