Benetan Be Teatroak 'Batetik bestera' umeentzako ikuskizuna eskainiko du domekan Ondarroan
Literatur Amuak jaialdiaren baitan eskainiko dute ikuskizuna, 17:30ean, Kofradia Zaharrean.
Domekan [azaroak 2] Literatur Amuak jaialdiaren baitan, Batetik bestera ume eta familientzako ikuskizuna eskainiko dute Benetan Be Teatroa konpainiako kideek. 17:30ean Ondarroako Kofradia Zaharrean ipini dute hitzordua, eta musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartuko dituzte ordubete inguruko saioan.
Adierazi dutenez, ikuskizunak migrazioen inguruan hausnartzeko abiapuntua izan nahi du: “Txorien migrazioen bidez giza migrazioei buruz hausnartuko dugu. Abestiek gure ingurumenaren ezagutza, babesa eta maitasuna sustatzen dituzte, eta elkartasuna, elkarbizitza eta kulturartekotasuna balorean jartzen dituzte. Guretik igarotzen diren txoriei eta euren ohiturei buruz ariko gara”.