Toc eta Mihise, Akerbeltz gaztetxeko oholtzan
Okerra Crew kolektiboak antolatuta, 22:00etan izango dira kontzertuak; sarrerak egun berean ipiniko dituzte salgai, 7 euroren truke. Toc taldeak abiatu berri du bira amaiera, eta 2024an argitaratutako 'Jaioak hiltea zor' entzuteko aukera egongo da. Mihisek, ostera, urriaren 17an argitaratutako 'Ahaldatu' diskoa aurkeztuko du.
Okerra Crew-k antolatutako kontzertua Uhagonen. Argazkia: Okerra Crew Urriko azken egunean hasiko dute ikasturtea Markina-Xemeingo Okerra Crew kolektiboko kideek, eta ez gainera, edonola: kontzertu bikoitza antolatu dute barikurako [urriak 31]. Hala, Akerbeltz Gaztetxeko oholtzara igoko dira Toc talde mugiarra eta Mihise talde usurbildarra, 22:00etan; sarrerak egun berean 7 euroren truke eskuratu ahal izango dira.
Toc taldeak 2024an argitaratu zuen euren bigarren lan luzea, Jaioak hiltea zor, eta hamaika kontzertuko bira baten ostean, bira amaierako azken kontzertuetako bat izango da Markina-Xemeingoa; Lea-Artibain eskainiko duen kontzertu bakarra izango da. Diskoagaz gizakiaren eta artifizialtasunaren arteko lotura erakutsi nahi izan dute, eta horretarako, soinu organiko eta humanoak ez ezik, elementu elektroniko eta prozesatuak ere entzun daitezke diskoan.
Mihise taldeak, ostera, 2020an argitaratu zuen lehen diskoa, Kronik@, eta bost urtez musika berririk argitaratu gabe egon diren arren, joan den urriaren 17an aurkeztu zuten Ahaldatu disko berria. Hala, Ahaldatu diskoarekin emango duten hirugarren kontzertua izango da Markina-Xemeingoa: “Aldaketa da konstantea den gauza bakarra, eta ideia hori hartu du Mihisek disko honetako kantuak lotuko dituen hari gisara. Hori eta gizakiok aldaketarako daukagun ahalmena”. Hala, hitzez zein musikaz, entzuleak “paisaia zabal eta lasaietatik, une estu eta latzenetarainoko” bidaian murgilduko dira usurbildarren doinuekin.