Argazki zaharrak biltzen ari da Mendexako Leixarra elkartea
Aurtengo gaia 'Mendexarrak lanean' da, eta Gabonetako argazki zaharren erakusketan ipiniko dituzte ikusgai. Azaro amaierara arte jasoko dituzte argazkiak.
Urteroko legez, Mendexako Leixarra elkarteak argazki zaharren erakusketa egingo du Gabonetan. Herriko ondarea babestu eta zabaltzera emateko asmoz antolatzen dute erakusketa, eta aurtengo gaia Mendexarrak lanean izango dela adierazi dute: “Edonolako argazkiak izan daitezke: ortuan, basoan, abereekin, tabernan… Printzipioz, 1980ra arteko argazkiak ipiniko ditugu ikusgai”.
Argazki erakusketa aurrera eroateko ezinbestekoa dute herritarren parte hartzea, eta halaber, parte hartzera gonbidatu dituzte. Argazki zaharrak dituztenei argazkiok udaletxean uzteko edo taldeko norbaiti zuzenean emateko deia luzatu diete, argazkiak kartazal batean sartuta, izen eta telefono batekin. Elkarteko kideek argazkiaren kopia egin eta “ahalbait arinen” itzuliko dituzte argazkiak. Azaro amaierara arte jasoko dituzte argazkiak: “Ea denon artean erakusketa dotorea egiten dugun”.