Bizi osoa euskarari emana
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.
Agurtza Zubikarai Lertxundi (Ondarroa, 1962) Aek-ko irakaslea da. OHOko 5. mailara arte Celedonio Arriola ikastetxean ikasi ostean, Zubi Zahar Herri Ikastolan osatu zuen oinarrizko zikloa. Markina-Xemeinen jarraitu zuen ikasten, lehenengo Lanbide Heziketa I (administrari laguntzaile) Markina-Xemeingo Bera Kruz Ikastetxean eta gero, Lanbide Heziketa II (administrari teknikoa) Elgoibarko LHII MEKA ikastetxean, baina sekula ez du jardun administrazioan, baizik eta irakaskuntzan.
1982ko ekainean ikasketak amaitu, eta irailean Ondarroako Aek-n hasi zen euskara eskolak ematen, gaur arte. Nahiz eta gaur egun klaseak ematen soilik jarduten duen, beste hainbat kargu eduki izan ditu, besteak beste, Lea-Artibaiko Aek-ko zuzendari, didaktikari eta idazkari izan da.
Horrez gain, Korrika guztietan aritu izan da antolatzaile lanetan. Lehenengoan, 1980an, ikasle zebilen Aek-n; bigarrenean, laguntzaile; eta beste guztietan, Aek-ko irakasle.