Ioana Osak eta Arantza Burgoak podiuma lortu dute Marokoko ironman erdian
Osak laugarren postua lortu du sailkapen orokorrean, eta bigarrena, haren kategorian. Burgoak, ostera, hirugarren postua lortu du haren kategorian. Arnaitz Burgoak ere parte hartu zuen arren, bizikleta zulatu eta ezin izan zuen lasterketa amaitu.
Ondarrutarrak, Marokon. Joan den domekan [urriak 26] Marokoko Agadir hirian ironman erdia lehiatu zuten 500 kirolari inguruk, eta bertan izan ziren zenbait ondarrutar ere. Gainera, egon bakarrik ez, emaitza onak lortuta itzuli dira etxera.
Arantza Burgoa Agirregomezkorta, Ioana Osa Larruzea eta Arnaitz Burgoa Egiguren ondarrutarrek parte hartu zuten lasterketan, eta igerian 1,9 kilometro, bizikletan 90 kilometro eta korrika beste 21,1 kilometro egin behar izan zituzten. Hala, Osak laugarren postua lortu zuen emakumezkoen sailkapen orokorrean, eta bigarren postua bere kategorian; igeriketa saioa 29 minutu eta 36 segundoan amaitu zuen, bizikletaz 02:36,39 behar izan zituen, eta korrika, 01:39,34. Guztira 04:50,09ko marka eginda amaitu zuen Ironman erdia.

Arantza Burgoak, ostera, 22. postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean, eta hirugarrena, bere kategorian. Igeriketa saioa 34 minutu eta 48 segundoan amaitu zuen, bizikletan 03:18,09ko marka lortu zuen, eta korrika, 02:17,02koa; guztira 06:20,16ko denboran amaitu zituen lan denak.
Hala, Osak eta Arantza Burgoak 2026ko irailean Nizan jokatuko den ironmanerako sailkapen automatikoa lortu zuten.

Bertan behera. Arnaitz Burgoak, ostera, ez zuen zortea aldeko eduki. Igeriketa saioa 28 minutu eta 30 segundoan amaitu bazuen ere, ezin izan zuen lasterketa amaitu: “Igeriketako segmentua amaitu zuenean bizikletaren bila joan zen, eta zulatuta aurkitu zuen. Konpondu eta bera ondoen moldatzen den zatian zihoala, bigarren zulaketa bat eduki zuen, eta ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa”.