Ondarroako amazonak Mungian podiuma lortuta, Madrilgo txapelketarako prest
Jaitz Lersundi eta Luana Burgoa ondarrutarrek podiuma lortu dute Mungian jokatu den Euskal Herriko Zaldi Jauzi Txapelketan. Bihartik [urriak 31] astelehenera [azaroak 2] Madrilen jokatuko den 46. Trofeo Pincesa de Asturias lehiaketan parte hartuko dute.
Mungiako Euskal Herriko Zaldi Jauzi Txapelketa.Raul Romero Ondarroako amazona gazteek ez dute geldialdirik. Jaitz Lersundi Etxaburu eta Luana Burgoa Arrizabalaga buru-belarri dabiltza lehiaketa denboraldian, eta aste honetan Madrilen jokatuko den 46. Trofeo Princesa de Asturias lehiaketan izango dira, urriaren 31tik azaroaren 2ra bitartean. Bi amazonek ilusioz eta lanerako gogo biziz egingo dute bidaia, adierazi dutenez, “lan on bat egiteko helburuarekin”.
Asteburuko prestaketak tarteko, joan den asteburuan Mungian jokatutako Euskal Herriko Zaldi Jauzi Txapelketan ere emaitza bikainak lortu dituzte berriro ere Lersundik eta Burgoak, izan ere, biek lortu zuten podiumera heltzea. Lersundiri dagokionez, Disablue des Baleines zaldiagaz lehiatu zuen Mungian, eta barikuan eta zapatuan [urriak 24 eta 25] egindako “faltarik gabeko” jardunaldiek domekan [urriak 26] jokatu zen finalerako sailkatzeko aukera eman zioten: “Jaitzek ez zuen alferrik galdu finalerako lortutako pasea, izan ere, metro bateko altueran probako brontzezko domina lortu zuen”. Hori gutxi ez, eta Euskal Herriko metro bateko brontzezko domina ere eskuratu zuen ondarrutarrak.

Mungiako Euskal Herriko Zaldi Jauzi Txapelketa.Raul Romero
Burgoa ere, ez zen atzean geratu: bi domina eskuratu zituen. Zapatuan [urriak 25] “tentsio handiko” berdinketa haustea egin behar izan bazuen ere, taldekako brontzezko domina lortzera eroan zuen Burgoak haren taldea. Domekan [urriak 26], ostera, bakarakako “lan bikaina” egin zuen ondarrutarrak Ustinov de Breka zaldiagaz: Euskal Herriko 1,10 metroko altuerako hirugarren postua eskuratu zuen, brontzezko domina lortuz.

Mungiako Euskal Herriko Zaldi Jauzi Txapelketa.Raul Romero