Arrakastatsua izan da Etxebarriko III. Gazte Eguna
Gazte Asanbladako kideek egunaren balorazio "oso ona" egin dute, eta eskertuta agertu dira jaso duten babesagatik.
 III. Gazte Eguneko bazkaria, frontoian.Etxebarriko Gazte Asanblada
                    III. Gazte Eguneko bazkaria, frontoian.Etxebarriko Gazte Asanblada                Gogoz ospatu dute etxebarritarrek III. Gazte Eguna. Joan den zapatuan [urriak 25] ipini zuten hitzordua, eta ederki erantzun zuten herritarrek nahiz inguruetako biztanleek. Halaber, Gazte Asanbladako kideek egunaren balorazio ona egin dute: “Oso ondo joan zen dena”.
Eguna herri kirol lehiaketagaz hasi zuten, eta 20-30 urte bitartekoen talde gorria izan zen irabazlea. Ostean, bazkaritarako elkartu ziren: “80 pertsona inguru izan ginen, eta dena oso ondo joan zen. Bazkalostean egin genuen jolasa ere, oso ondo egon zen. Oso barregarria izan zen eta jendeak oso ondo pasatu zuela esan zigun, beraz, balorazio positiboa egin dugu”.
Arratsaldean, ostera, musika izan zen nagusi. Euria ari bazuen ere, etxebarritarrek prest zituzten euritik babesteko karpak: “Nahiz eta euria egin, karpa batzuk genituen prestatuta, ze, bagenekien euria egin zezakeela. Hala ere, elektrotxaranga oso ondo egon zen, eta lortu genuen gehienok aterpean egotea”. Iluntzeko kontzertuen aurretik afaltzeko bokadiloak prestatu zituzten asanbladako kideek, eta “sekulako arrakasta” izan ziren: “Dena agortu zen. Guk hiru orduz bokadiloak ematen egotea geneukan pentsatuta, baina ordu eta erdian ia-ia dena agortu zen”. Osteko kontzertuak ere, “oso ondo” joan ziren: “Eskualdeko jendea etorri zen, eta oso eskertuta gaude etorri ziren denei eta eguna babestu zuten denei”.
 
                             
                             
                             
                             
                             
                             
                             
                             
                             
								 
								
							 
					 
                    