Harrera, itzulerarako giltza
Duela hamahiru urte sortu zuten Harrera Elkartea, euskal preso eta iheslari politikoen etxeratze prozesua errazteko bitarteko gisa. Euskal preso politikoen egoera nabarmen aldatu den honetan, ‘5.000 baietz!’ kanpainan murgilduta dabiltza elkarteko kideak. Harreraren lanaz, gaur egungo erronkez eta kanpainaren xehetasunez jardun dute Mirari Beitiak eta Kirru Otxoantezanak, baita Ondarroan izango duen lurreratzeaz ere.
 
                                    Urruntze politikaren amaieraren eta espetxe ibilbidean ematen ari diren pausoen eraginez, euskal preso politikoen egoerak aldaketak izan ditu azken urteetan. Ondorioz, presoen etxeratze prozesua errazteko bitartekoen beharra geroz eta handiagoa da. Mirari Beitia eta Kirru Otxoantezanak Harrera Elkarteko bazkide egiteko arrazoiak mahaigaineratu dituzte.
Gaur egungo testuinguru politikoari erreparatuz, euskal preso politikoen urruntze politikarekin amaitzea lortu da, eta geroz eta gehiago dira kalera ateratzen ari diren presoak. Zergatik da inoiz baino garrantzitsuagoa Harrera Elkarteko bazkide egitea?
Mirari Beitia: Presoak kalera ateratzen dabiltzan honetan, Euskal Herrian zabalduta dagoen pentsamendua da, espetxean geroz eta preso gutxiago daudenez, baliabide ekonomiko gutxiago behar ditugula. Mezu hori da euskal jendarteari burutik kendu nahi dioguna, izan ere, alderantzizkoa da egoera.
Kirru Otxoantezana: Preso ohi kopuruak gora egin du, eta preso asko dira kalera ateratzeko baimena daukatenak. Egoera honek eragin handia izan du Harreraren eginbeharretan. Izan ere, elkartea beharrezko tresna da prozesu honetan, sistemak dituen hutsuneak betetzen baititu. Ez dugu ahaztu behar nondik gatozen, nora goazen argi izan behar dugun bezala. Bi berbatan: presente izan behar dugu zergatik dauden preso, eta espetxe barruan daudenean jasotzen duten elkartasun berbera eskaini behar diegu, ateratzen direnean. Harreraren lana etxeratze horretan bidelagun izatea da, preso ohiak behar dituen baliabideak eskainiz. Baina, horretarako, euskal jendartearen laguntza behar dugu.
Argi dago euskal preso eta iheslari politikoentzako behar-beharrezko makulua dela Harrera Elkartea. Presoak kalea zapaltzeko orduan, zein da eman behar den lehenengo pausoa?
K.O: Harrerak irteera pertsonalizatu bat diseinatzen du kalera ateratzen hasten den pertsona bakoitzarentzat. Izan ere, preso bakoitzaren egoera eta beharrak ezberdinak dira, eta protokolo bat diseinatzen dugu. Lehenengo pausoa informazioa helaraztea izaten da beti, presoa kalera irten aurretik, familiari ematen diogu informazioa (familia duten kasuetan), eta gero, presoari berari, jakin dezan zeintzuk diren egin beharreko pausoak.
M.B: Ezjakintasun handia dago presoa kalera ateratzean egin beharreko pausoen bueltan. Kartzelatik ateratzean, kartzelak han uzten zaitu, kalean, ezer jakin gabe eta ezer gabe. Psikologikoki ez da erraza mundura atera eta zure lekua aurkitzea, ezta administratiboki ere. Beraz, lehenengo pausoa informazioa helaraztea da, egin beharreko paperak eta hori guztia.
K.O: Oso garrantzitsua da informazioa ongi ematea. Izan ere, epe muga zehatzak daude laguntzak eskatzeko, eta, epe muga horiek bete ezean, ez dago laguntzarik instituzioen aldetik. Nik neuk ere, preso ohia izanda, nire azaletik ezagutzen dut etxeratze prozesua, eta Harrera Elkartea bezalako bidelaguna izatea beharrezkoa dela iruditzen zait. Horregatik, irten bezain pronto, argi neukan Harrera Elkarteko kide izango nintzela, niri eskua luzatu zidaten bezala, neronek ere barruan gelditzen ziren kideei laguntza eskaintzeko.
Nola bizi zenuen kartzelatik atera eta bizitza berriari ekiteko unea?
K.O: 18 urte bete nituenean atera nintzen etxetik, eta 60 urterekin egin nuen buelta herrira. Ez neukan lan urterik kotizatuta, joan aurretik urtebetez portuan lan egin nuena soilik. Beraz, Lanbidera eta Sepera joan nintzen, eta diru laguntza bat jaso nuen hilabete batzuetan. Gero, portuan egin nuen lan bost urtez, eta 65 urterekin hartu nuen erretiroa. Gaur egun, kotizazio gabeko pentsio bat jasotzen dut hilero. Inor ez da bizi eroso pentsio txiki horrekin, baina saiatzen naiz ondo administratzen, eta ez naiz gaizki bizi. Hala ere, Harrera saiatzen da pentsio baxua daukatenei, egoera berezietan, ahal den neurrian laguntzen, beti ere baliabide ekonomikoak kontuan izanda.
Preso bakoitzaren testuingurua desberdina den arren, asko dira espetxealdi luzeak egin dituztenak. Horrek ondorio nabarmenak ditu ateraberri den pertsonarentzat. Gizarteratzeko orduan zein da zuen lana?
M.B: Imajinatu: 30 urte espetxean eta aurreko 10 urteak ihesean. Espetxetik irten, eta aurrean daukan koadroa margotzea ez da erraza. Bidelagun figura horren barruan, hainbat dira harrerak eskaintzen dituen laguntzak, besteak beste, dokumentazioa eguneratu, banketxeko kontu korrontea ireki, gidabaimena atera eta ibilgailua lotu, egoera pertsonalean lagundu, etxebizitza lortzen lagundu, osasun-tratamenduak behar izatekotan, psikologo edota medikuak jartzea. Gainera, espetxeetara joan-etorriak egiteko garraioa ere jartzen du elkarteak, eta, gauak kartzelatik kanpo pasa ahal izateko, etxebizitza topatzen laguntzen diete presoei. Izan ere, iaz laguntza etxebizitza bat jarri zuten martxan Donostian, eta etxebizitza sare bat osatzea da helburua, hirugarren graduan ateratzen direnen egunerokoa errazteko.
K.O: Harrerak haginlari, psikologo edota esparru ezberdinetako profesionalen sarea du, kalera ateratzean pertsona orok izan ditzaken beharrei erantzuteko. Hauen gastuak ere, elkarteak hartzen ditu beregain. Jarduna aurrera eramateko orduan, beharrezkoa da Euskal Herri mailako sare sendoa izatea; zenbat eta handiagoa izan, hobeto.
5000! Baietz kanpaina jarri duzue martxan Harrera Elkartetik, eta Ondarroan azaroaren 8an egingo duzue aurkezpena. Auziari dagokionez, nolako giroa sumatzen duzue herrian?
M.B: Ondarroan beti egon da presoenganako elkartasuna; hala ere, giroa hotz dago azkenaldian. Beraz, gure helburua bazkideak lortzea denez, azaroaren 8an kanpainaren aurkezpena egingo dugu Kofradia Zaharrean, 12:00etan. Aurkezpenaren aurreko egunetan eskuorri banaketa egingo dugu herrian, herritarrei gonbidapena luzatuz.
K.O: Bazkidetza berriak bilatzeko kanpaina da, eta urteko kuota 60 euro edo gehiagokoa izan daiteke; hilekoa, hiru hilekoa, sei hilekoa edo urtekoa izan daiteke. Norbanakoez gain, kontu korrontea daukaten eragileak ere egin daitezke bazkide. Horrez gain, Ondarroan, eta orokorrean, Lea-Artibain, udaletxeekin ere bagabiltza kontaktuan. Hala ere, adin batetik gorako herritarrak identifikatuta ditugun arren, belaunaldi berrietara ere heldu nahi dugu, denon laguntza behar baitugu. Bagabiltza horretan lanean, eta espero dugu geroz eta gehiago izatea.
Herritarrak, gazte zein nagusi, azaroaren 8an Kofradia Zaharrera joateko deia egin nahi duzue, beraz.
M.B: Jakina, herritar guztiak daude gonbidatuta Kofradia Zaharrera, 12:00etan. Gainera, aurkezpenean, Euskal Herri osoan bueltaka dabiltzan kutxa solidarioak ere izango ditugu; ekarpen ekonomikoa egiteko beste modu sinbolikoago bat izango da. Kutxa horiek artista solidarioek egindakoak dira, Harrera Elkartearen sarea indartzeko. Euskal Herri mailako sei artistek seina kutxa margotu dituzte: Dora Salazarrek, Juan Gorritik, Eider Eibarrek, Gonzalo Etxebarriak, Irantzu Lekuak eta Jose Luis Zumetak.
K.O: Harreraren lanari babesa eman diote artistek, eta, kutxen apainketa ederraz gain, barruan sorpresatxoa daukate guztiek. Beraz, ez dago aitzakiarik modu batera edo bestera Harrera Elkarteari laguntzeko.
 
								 
								
							 
					 
                    