Izotz fabrika berria egingo dute, zerbitzua hobetu eta arrantzaleei lana erraztu asmoz
Ondarroako izotz fabrika berria lonjan kokatuko da, eta inbertsioa 3.854.443,67 eurokoa izango da. Datorren urteko maiatzaren hasieran jarriko dute martxan.
 
                                    Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburuak Ondarroako eta Bermeoko lonjetan egingo dituzten izotz-fabrika berrien proiektuak aurkeztu ditu gaur [urriak 31], Bermeoko kofradian. Azaldu duenez, instalazio berrien helburu nagusiak arrain-handizkariak erabiltzen dituzten arrain lonjak izotzez hornitzea eta ontziei izotza ematea, arraina portura iritsi arte kontserbatu ahal izateko. Bi fabrikak egiteko inbertsioa 6.583.458,22 eurokoa izango da.
Barredok nabarmendu duenez, instalazio berriek “zaharkituta” dagoen zerbitzua modernizatzea ahalbidetuko dute; izan ere, Bermeokoa 1978koa da eta Ondarroakoa, 1971koa. “Izotz-fabrika berri horiek gure arrantzale eta operadoreei zerbitzuaren kalitatea eta lana erraztuko diete, eta kontrol, segurtasun eta eraginkortasun energetikoaren automatizazio hobea ahalbidetuko dute”, azaldu du sailburuak. Jaurlaritza arrantza-sektorearen eta haren operadoreen balioa nabarmentzeko “ahalegin handia” egiten ari dela zehaztu du, horrelako inbertsioekin horien “errentagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea” bilatuz.
“Teknologia aurreratuena”. 
Ondarroako izotz fabrika berria lonjan kokatuko da, eta Barredok azpimarratu legez, “teknologiarik aurreratuenaz hornituta” egongo da, horrela edozein izotz-eskariri erantzun eta “hornidurarik ez izateko arriskurik gabe”. 3.854.443,67 euroko inbertsioa eskatuko du, eta lanak egiteko epea “zortzi hilabete ingurukoa” izango da: datorren urteko maiatzaren hasieran jarriko dute martxan. 
 
 
Instalazio berriak itsasontzien zerbitzua hornitzeko bi irteera izango ditu, bata iparraldean eta bestea ekialdean. Izotz-siloak beheko solairuan kokatuko dituzte: “Horien artean makina-gela, konpresoreak, hotz-koadroak eta abar egongo dira. Kontrol bulegoa ere beheko aldean egongo da”.
Izotz fabrikaz gain, Ondarroan beste jarduketa batzuk ere aurreikusi dituztela azaldu du Barredok. Esku-hartzeek, duela gutxi amaitu duten estalkiaren konponketagaz batera, “sektoreak eskatzen dituen behar berrietara” egokitutako portu instalazioak izatea ahalbidetuko dute, baita portua egokitzea eta klima aldaketaren ondorioei aurre hartzea ere.
Horrez gain, aste honetan Arotzeria izeneko eraikin zaharra erasiteko obraren lizitazioa egin dute: “Obra horrek portuko hondakinak biltzeko erreserbatutako eremu batera eramango gaitu, baita duela gutxi esleitutako portua dragatzea ere”. Dragatzea azaroan hastea espero dute, eta inbertsioa 2.500.000 eurokoa izango da. Era berean, Egidazu kaia berrurbanizatu eta konpontzeko lanak ere egingo dituztela iragarri du sailburuak, behin betiko esleipena egiteko azken izapideen zain daudela jakinaraziz: “Datorren urteko udaberrian hastea espero dugu”.
Lekualdaketa.  
Bermeoko izotz fabrika, berriz,  kaiko zabalgunetik Erroxapeko portu eremuko arrantzaleen kofradiako eraikinera lekualdatuko dute. Instalazio berriak hornidurarako bi irteera izango dituela iragarri du, iparraldekoa itsasontzientzat eta, hegoaldekoa, kamioientzat. 
Barredok fabrikaren zehaztapen teknikoak ere jakinarazi ditu: fabrikaren beheko solairuan izotz-siloa, amoniako zirkuituko konpresoreak eta mantentze lanerako tailerra jarriko dituzte; bulegoen solairuartearen azpian makina-gela egongo da eta lehenengo solairuan, kontrol-bulegoa. Lurrungailu eta sorgailuak, berriz, goiko solairuan kokatuko dituzte.
Hala, Bermeoko izotz-fabrika berriak 2.729.014,55 euroko inbertsioa suposatuko du, eta obrak egiteko epea hamar hilabetekoa izatea aurreikusten dute. Sailburuaren hitzetan, “uztailaren erdialdean” martxan jartzea da asmoa.
Bermeoren kasuan, instalazio berriaren proiektuak “herriko dartsenaren eraldaketaren hasiera” ekarriko du, Portua Antolatzeko Plan Orokorraren esparruan: “Gaur gaurkoz itzoz-fabrika zaharra eraisteko proiektua egiten hasi gara, eta 2026ko lehen hiruhilekoan amaituta izatea espero dugu”.
 
								 
								
							 
					 
                    