Erdi aroko azoka: euripean ere, herria bizirik
Erdi Aroko Azokak hartu ditu Lekeitioko kaleak goizeko lehen orduetatik, historia eta herriaren ahotsa uztartuz, Lekeitioren 700 urtebetetzea ospatu dute herritarrek euripean.
Lekeitiok gaur bete-betean ospatu du bere 700. urteurrena, eta nahiz eta euria etengabea izan den goizeko lehen orduetan, Erdi Aroko Azokak ez du hutsik egin. Goizeko 10:00etan abiatu da lehen kalejira, txistulari, perkusio eta dantzari artean. ARTAKA, BARZONIA, RAMALLEIRA eta EULALI taldeek hartu dute parte kaleetan barna, eta euriaren ganetik, jende andana batu da plazara. Umeak kapelapean, adinekoak aterkiarekin, baina guztiek irribarrez jarraitu dute musika eta kolorez beteriko kalejira.
Plazara iritsitakoan, 10:45ean egin dute pregoia, Artaka taldearen eskutik. Udaletxe aurrean jendea pilatu da, euripean ere, aterki artean, adi entzuten. Pregoian, Lekeitioko historia ofizialetik kanpo geratu diren pertsonak izan dira ardatz. “ 700 bete ditu Lekeitiok, baina ez ote zegoen aurretik Lekeitiorik? Gaur ez ditugu jauntxoen izenak gogoratuko, ixilarazitako pertsonenak baizik”, esan dute.
Hitz hunkigarrietan aipatu dituzte hainbat emakume: Sebastiana Likona, “emakume guztien askatasunaren izenan borrokatu zuena”; Mara Jesusa Bengoa, “neskentzako eskola sortu zuena eta kulturari egin zion ekarpen handiagatik”; Benita Etxebarria eta Lekeitioko Rapadak, “Gure euskera, urteetako kolonizazioari aurre egin diona, oraindik ere ozta-ozta bizirik dirau ”, gehitu dute, txalo artean.
Ondoren, Artakaren ikuskizuna abiatu da plazan, dantza eta akrobaziekin, txundituta utziz txiki zein handi. Aldi berean, azokako postuak hasi dira zabaltzen: ogi berria, gaztak, gozoak eta denetariko jakiak. Hurbildu direnak liluratuta geratu dira postuetako artisautza eta bitxi koloretsuen artean.
Eguerdia hurbildu ahala, euria eten eta plaza gero eta jende gehiagoz betetzen hasi da. Herritarrak zein bisitari ugari elkartu dira, musika etenik gabe entzuten zela: perkusioaren erritmoa plazan, dantzarien oihuak eta haurren barreak. Giro goxoa sortu da, elkar topagune bihurtuz Lekeitioko bihotza.
Arratsaldean berriro zabalduko da azoka: 17:00etatik aurrera, kalejirak, ipuin kontaketak eta ARTAKA eta RAMALLEIRA taldeak izango dira plazan. Gauean, BARZONIA eta LA NARIZ ROJA taldeek hartuko dute lekukoa, eta musikak ilunabarreraino lagunduko du.
Lekeitiok gaur erakutsi du euria ez dela oztopo historia ospatzeko. Herria bizirik dago, eta iragana, presente, emakumeen ahotsen bidez berridazten hasi den bezalaxe gaur goizean.