Herri Egunean batutako 2.900 euroak, Haszten elkartearentzat
Irailaren 27an herriko 40 kultur-kirol talde eta eragile herriko plazan elkartu ziren herriaren aldeko egiten dute kaleratzeko.
Lekeitioko lehendabiziko Herri Eguna erabateko arrakasta izan zen. Herritik herriarentzat eta herritarrentzat diseinatutakoa izan zen. Herriko kirol eta kultur taldeek eta eragileek plaza hartu zuten. Antolatzaileen lehen balorazioa “bikaina” izan zen, eta orain konfirmatu ahal izan dute.
Hain zuzen ere, modu batera edo bestera, txosna solidarioaren bidez, adibidez, Haszten elkartearentzat batu zuten. Guztira 2.900 euro batu zituzten aniztasun funtzionala duten haurrak kirolean hastea eta jarduera fisikoa egitea bultzatzen duen elkartearentzat. Urriaren 28an eman zieten txekea.
Orain bai, erabateko balorazioa osatu ahal izan dute eta argi dute: errepikatzeko moduko proiektua da. Era berean, kontziente dira atzean dago antolaketa guztiaz eta lehen ondorio bat atera dute: bi urterik behin antolatzea. “Antolaketa lana oso handia izan da, asko izan garelako eta gure arteko komunikazioa eta lankidetza itzela izan da aurrera eramateko”. Horregatik erabaki dute hurrengokoa 2027an egitea. “Lekeitio herri oso aberatsa da elkarte, talde eta eragile aldetik, baina batzuetan ez dakigu zer daukagun esku artean, beraz, bakoitzak herriaren alde zer egiten duen erakusteko modu ezin hobea dela iruditzen zaigu”.
Hala ere, herrian programazio zabala izanik, denboran luzatzea erabaki dute, batez ere atzetik dagoen lan guztiagatik. Bozketa egin zuten parte hartzaile guztien artean eta bi urterik behin antolatzea erabaki zuten. Alde horretatik, Lekeitioko Udalaren laguntza eskertu dute, “erraztasun guztiak” eman zituelako Herri Eguna aurrera eraman ahal izateko.
Hori bai, argitu dute hurrengoari begira dirua bideratzeko elkartea aldatuko dela. “Lehendabizikoa Haszten Elkartearentzat izan da, baina aurrerantzean Herri Eguneko lehen bileran erabakiko dute nori bideratu dirua, baina urtero aldatuko dugu”. Betiere laguntza sozialerako izango dela argitu dute, horrekin harremana duen elkarteren batentzako.