Lea Artibai Fest jaialdiak 125 lagun elkartu ditu
Leartibai Fundazioak esan du “arrakastatsua” izan dela, izen emateak berehala agortu ziren.
Leartibai Fundazioak arrakastaz ospatu zuen VII. Lea Artibai Fest jaialdia, urriaren 18tik 26ra, eskualdeko hainbat herritan. Guztira 125 lagun elkartu ziren antolatutako zazpi ekintzetan. “Hain ezagunak ez diren baliabide natural, kultural eta gastronomikoei balioa emateko diseinatutako jarduera batzuk antolatu ziren, eskualdeko nortasunera modu ludikoan eta erlaxatuan hurbiltzeko”, esan dute.
Hain zuzen ere, geologia, kultura eta gastronomia uztartzen zituzten jarduerak antolatu zituzten. Eta ez zuten bakarrik eskualdeko herritarrek parte hartu, baita Bilbo, Gasteiz edota Zornotzako lagunek ere. Izen emateak epea zabaldu eta gutxira agortu ziren. Publikoaren “interes handia eta harrera ona” islatzen dutela diote. Antolatzaileak berak ere “oso pozik” amaitu dute hornitzaileen erantzunagaz antolaketan emandako laguntzagatik. Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren “eskualdeko ondarea sustatu eta zabaltzeko” lankidetza eskertu dute. Horrez gain, “jasangarritasunaren eta mugikortasun arduratsuaren garrantzia” azpimarratuz, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu zieten parte hartzaileei, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako “Bizkaia Mugitu” leloagaz bat eginez.
Programa zabala
Lea-Artibai urriaren 18an hasi zen, Lekeition, Julian Arratek gidatutako Txakolin eta Isabel II.a Ibilbideagaz. “Tokiko ondareari buruzko ikuspegi interesgarria” eskaini zuela esan dute, eta, ondoren, Atea tabernan geldialdia egin zuten, indarrak berreskuratzeko. Arratsaldean, Ondarroako mural ospetsuetan zehar bisita eskaini zuen bertako Turismo Bulegoak. Ondoren, Sirimiri tabernan bertako produktuen dastaketa egin zuten, “inguruko gastronomiaren onena dastatzeko aukera paregabea”. Hurrengo egunean, urriaren 19an, parte hartzaileak Ispasterko Herriko Tabernan bildu ziren eta hamarretako eder bat dastatu eta gero, Ekobideko gidariekin batera, Ogeiara zuzendu ziren azalpenak entzun eta ibilbide geologikoaz disfrutatzeko.
Urriaren 25eko asteburua arrantza aberastasunari eta Errege Bidearen historiari eskaini zioten. Zapatu goizean, neskatilek lagunduta, parte hartzaileek Ondarroako portuko lonjan nola lan egiten den ezagutzeko aukera izan zuten, eta bisitaren amaieran arrain dastaketa bat egin zuten. Arratsaldean, Ekobideakek gidatuta, Ondarroa eta Berriatua lotzen dituen Errege Bidearen bisita eskaini zuten, ta gero Zentrala tabernan zerbait jan zuten.
Urriaren 26an Arretxinaga bisitatu eta hainbat bitxikeria deskubritzeko aukera izan zuten Gontzal Hernandoren eskutik eta ondoren, Uni eraman zituzten bertaratutakoak zesta puntako zuzeneko partida ikusteko. Amaitzeko, Urko ibaian barrena egindako ibilbide batek Antsotegiraino eraman zituen parte-hartzaileak. Azalpen interesgarriak jasotzen zituzten bitartean, tokiko produktuak dastatu ahal izan zituzten, Lea-Artibain ekoiztutako elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatzen duen “Hamen Bertokoa” ekimenari esker. Horrela, Lea Artibai Festek tokiko ekonomiarekin eta elikagaien jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartu zuen. Arratsaldean, eta jaialdiari amaiera emateko, helduek eta haurrek Lekeition eskaini zen estanpazio tailer batean parte hartu zuten, Arraguaren eskutik.
