Azpiegituren ate irekien jardunaldiak “harrera bikaina” izan du
Kultur Etxea, Bero Sarea eta musika lokaleko ateak zabaldu zituzten herritarrek ikusteko. Hilaren amaierarako onartu nahi ditu udalak aurrekontuak.
                                    Berriatuko Udalak hainbat lan eraman ditu aurrera azkenaldian herriko azpiegitura desberdinetan. Lanok herritarrei erakusteko ate irekien jardunaldia antolatu zuten urria amaieran. Udaletik aurkezpenak izandako “harrera bikaina” nabarmendu dute. Kultur Etxea, musika lokalak eta Bero Sarea erakutsi zituzten. “Jende asko elkartu zen, 50 lagun inguru, eta bisitak osatzeaz gain parte hartze aktibo bat erakutsi zuten galderak eginez edota zalantzak argituz. Interes handia piztu zuen azpiegituren aurkezpenak eta oso gustora aritu ziren herritarrak”, azaldu dute udaletik.
Kultur Etxean lanak batez ere irisgarritasunean eta energia efizientzian oinarritu ziren. Igogailua jartzeaz gain, eguzki plakak jarri zituzten teilatuan eta espazioa eraberritu zuten. “Kontsumoa ahalik eta gehien murriztu eta eguzkiaren ekarpena baliatzeko” jarri dituzte eguzki plakak. Kultur Etxeko erabiltzaileek soinketa gela eta elkartegintza dauden solairuetara “modu seguru, eroso eta irisgarrian” heltzeko jarri dute igogailu berria. 544.831,93 inbertitu dituzte eta 230.000 euroko diru laguntza jaso aldunditik.
Musika lokal bi sortu dituzte kiosko azpian. Horrez gain, insonorizazio eta argiztapen lanak ere eraman dituzte aurrera. “Udalak, kultura eta musikaren aldeko apustuarekin bat, herriko eskaerari erantzun egokiak emateko lanean dihardu. Izan ere, musika zaletasuna asko hazi da herrian. Tarine musika eskolako fruituak jasotzen ari gara”. 35.000 euroko inertsioa osatu dute bertan.
Bero Sarea izan da berritasun nagusia, Mendibarren frontoi azpian kokatu dute. Lurpeko hodi isolatuen bidez garraiatutako ur beroak hornitzen dituen eraikinaren multzoari esaten zaio bero sarea. Inguruko eraikinei ur beroa emateko ardura dauka eta 90 metrokoa da. Pilotalekuko galdara gelan dago, hiru karga hartune ditu eta ezpala edo pelletagaz bete daiteke. 2.000 litroko bi depositu daude eta 1.500 litroko beste bat eta esan dute “prestatuta” daudela beharko balitz beste bat kokatzeko.
Bero Sareak udaletxea, frontoiko dutxak eta gradak, Herriko taberna eta eskola hornituko ditu. “Hauen kontsumoa aurretik energia fosilen errekuntzan oinarritutako galdaren bidez hornitzen zen, gas natural sarera konektatuta. Egindako aldaketari esker, urtero atmosferara 23,5 tona karbono dioxido isurtzea ekiditzen da”. Errendimenduari dagokionez, eskola konektatu ostean %60-70 ingurukoa dela estimatu dute. “Etorkizunera begira kontsumo puntu berriak konektatzen badira, sarearen erremendimenduak gora egin dezake”. 239.720,83 euroko inbertsioa osatu dute eta Bizkaiko Foru Aldundiko Trantsizio Energetikotik 76.000 euroko diru laguntza jaso du udalak.
Aspalditik
Lanok aspaldiko parte hartze prozesutik etorri dira. Udaletik aitortu dute beharrizana egon bazegoela eta gainera berregokitze planaren barruan buruan bazeukatela. Era berean, Energia Planaren baitan zegoen Bero Sarearen sorrera.
Hain zuzen ere, 2018an abian jarritako parte hartze prozesutik datozen lanak dira. Bertan, berriatuarrek
 galdetegiak bete zituzten eta elkarrizketa sektorialak osatu ere bai. Herriko ekipamendu publikoak herritarren behar eta zerbitzura “era egokian” eskaintzeko konpromisoagaz aurrera eramateko jarri zuten martxan. Bertan atera ziren aurrera orain aurkeztu dituzten lanak.
Orain, hurrengo fase baten murgildu dira, behin espazioak moldatuta izatean, horiek antolatu beharra dago. Berriatuarrak azpiegitura berriak erabiltzeko “gogotsu” agertu direla esan dute. Musika lokalari dagokionez, adibidez, azpimarratu dute herriak dagoen “musika kultura zabala”. 8-10 musika talde daude Berriatuan, hau da, guztira 30 lagun inguru, beraz, orain jotzeko orduak banatu behar dituzte guztien artean. Era berean, Kultur Etxea erabiltzeko eskaera “handia” dela esan dute, horrenbestez elkarteekin harremanetan jarri nahi dira bakoitzaren eskakizunak entzun eta antolaketa on bat egiteko.
Lanean
Berriatuko Udaletik aurreratu dute hilaren amaieran aurrekontuak onartu nahi dituztela. Hurrengo helburu nagusia plazaren bigarren faseko lanak aurrera eramatea dela adierazi dute. Liburutegian edota bideogelan bestelako lanak ere egitea buruan dituztela diote “eraberritze bat” eskatzen dutela uste dutelako.
Hala ere, orain arte herrian egindako obrak gogora ekarri nahi izan dituzte. Iraila hasieran, adibidez, Ibarra futbol zelaiko egokitzapen lanen inaugurazioa osatu zuten Aitxe Kutz jaien baitan. Bertan, belarra aldatzeaz gain, sare eta babeslekuak egokitu zituzten, baita irisgarritasun eta energia berriztagarrien alde aurrerapausoak eman.