‘Biblioteka edonon’ ekimena Ispasterrera helduko da barikuan
Udaletik gogoratu dute 2 eta 7 urte bitarteko umeek heldu baten laguntzaz joan beharko dutela.
Ispasterko liburutegiak bere ateak irekiko ditu familientzako barikuan [azaroak 7], liburutegi mugikor baten formatuan, frontoian. Hain zuzen ere, Arropaineko Arraguaren ‘biblioteka edonon’ ekimena ekarriko dute barikuan 16:15etik aurrera.
“Jolasa, irakurketa eta esperientzia partekatua bultzatzen duen espazio berri honen bitartez, Ispasterko liburutegia nola izatea nahi dugun pentsaraziko digu”, azaldu dute udaletik. Era berean, gogoratu dute 2 eta 7 urte bitarteko umeek heldu baten laguntzaz joan beharko dutela.
Transit proiektuko eredu erreplikagarri horren helburua da “espazio publikoan kultura jarduera irisgarriak” garatzen laguntzea. “Arkitektura malgu eta mugikorreko proposamen hau irisgarritasunaren, erreplikagarritasunaren eta baliabideen aprobetxamenduaren kontzeptuetan oinarritzen da”, diote.
Parte hartzaileek elkarrekin jolasteko, sortzeko eta esperimentatzeko aukera izango dute. Proiektu parte hartzailea dela diote “ezagutzaren eta esperientzien ekoizpen eta trukearen inguruko topaguneak” sortzeko. Horrez gain, liburutegia kultura erakunde publiko moduaren inguruan hausnartu nahi dute. Azaldu dutenez, ez da izen ematerik aurretiaz egin beharko.