47 lagunek parte hartuko dute XI. Dzanga Itsas Kayak Txapelketan
Domekan [azaroak 9] egingo dute, urriaren 26an eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten ostean.
Oraingoan bai. Domekan [azaroak 9] lehiatuko dute Elantxobe eta Lekeitio arteko XI. Dzanga Itsas Kayak Txapelketa. Urriaren 26an ziren egitekoa, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuten. Orain berreskuratuko dute, azken egunetan hartutako erabakia izan da, eguraldi aurreikuspenak ikusita.
47 lagunek eman dute izena eta toki askotatik etorriko direla nabarmendu dute. Bizkaitik batez ere Barrika eta Plentziatik, Gipuzkoatik ailegatuko dira gehienak Pasaia eta Zumaian “talderik indartsuenak” daudelako. Kantabriatik ere helduko dira, Santander, Colindres edota Santoñatik.
“Domekarako hego haizea emanda dago, ez da haize gogorra izango, baina espero dugu itsasoa haize horrekin ordenatuta egotea. Olatua ere egongo da, baina uste dugu baldintza egokiak egongo direla Elantxobe eta Lekeitio arteko ibilbidea egiteko”, azaldu dute.
13 kilometro dira guztira eta aurreikuspenen arabera, 13:00etan inguru ailegatuko dira lehen partaideak Lekeitioko portura. 2022an Zumaiako Itxas-Gain kirol elkarteko Jose Maria Villagarcia Etxezarretak dauka errekorra 56 minutu eta 37 segundogaz.