Warhammer mundua Ispasterko probalekura iritsiko da
Zapatuan [azaroak 8] 08:30etik 20:30era ariko dira mahai-jokora jolasten eta zalantzak argitzen. Udalagaz “oso eskertuta” agertu dira.
Lekeitioko Warhammer taldeak Ispaster konkistatuko du zapatuan [azaroak 8]. Warhammer 40.000 mahai-jokoa herriko probalekura eramango dute, egun osoan gainera, 08:30ean hasi eta 20:30era arte ariko baitira jolasten. Udalarekin elkarlanean herritarrei bertaratzeko deia egin diete rol-jokoa ezagutzera.
Lekeition badauka oinarri handiago bat Warhammerrak, eta hain zuzen ere, antolatzen dituzten txapelketako baten erakarritako jendetzak harrituta “interesa eta kuriositatea” piztu zitzaien Ispasterko Udalekoei. Horrenbestez, proposamena luzatu zieten, eta orain posible egitea lortu dute. “Borondate handia erakutsi zuten hasieratik, beraz, zerbait txikia bada ere, saio bat antolatzeko lanean hasi ginen asko dagoelako partida bakoitzaren atzean eta ikusi behar genuen horrelako zerbait antolatzeko gaitasuna bagenuen”, azaldu dute.
Argitu dute ez dela umeentzako rol-jolasa, berez, 12 urtetik gorakoentzako pentsatuta dago. Komunitate hitza nabarmendu dute behin eta berriz antolatzaileek, “guretzako oso garrantzitsua eta erabilia da”. Horretarako, Lekeitiotik atera, oso urrutira joan barik, eta Ispasterko bezalako herri txiki batera joatea “oso ondo” ikusi dute. “Horrelako herrietan beti pizten du arreta gehiago gureak, plaza onak dira komunitatea handitzeko”, diote. Batez ere, probalekua “toki oso egokia” ikusi dutelako jokoa erakutsi ahal izateko.
Alde horretatik, Ispasterko Udalak eskainitako laguntza guztia eskertu dute. “Hasieratik erabateko prestutasuna erakutsi dute, batez ere batzuetan zaila egiten zaigu gure jokoa zabaltzea beste toki batzuetara. Herri txikietan izan daiteke friki bezala begiratzea bakarrik, baina Ispasterren bestelako begiekin ikusi gaituzte eta eskertzekoa da”, azaldu dute. Horregatik, etorkizunera begira elkarlanean jarraitzeko ateak zabalik utzi dituzte.
Azaldu dutenez, hamabi partaide inguru elkartuko dira eta haien arteko taldekako txapelketa bat jokatuko dute. Baina ez da ohiko lehiaketa bat izango, “zabala” izango dela diote, hau da, inguratzen direnentzako argibideak, azalpenak edota egiten dituzten galderak erantzungo dituztela. Erakustalditik izango du gehiago. Adibidez, Warhammer jokoaren munduan dauden 22 multzoetatik hamabi erakutsiko dituzte Ispasterren. “Guretzako ere erronka bat izango da kanpora begirako txapelketa bat egitea, ez gaudelako ohituta horrelakoetan parte hartzera”.
Hala ere, nabarmendu dute Warhammerrean ez dela bakarrik txapelketa irabaztea edo ez, pieza eta multzo bakoitza, esate baterako, ondo margotuta izatea ere kontuan hartzen dute. Bi sailetan sari txikiak banatuko dituztela aurreratu dute.