Galletebeitia eta Intxausti sailkatu dira finalaurrekoen bigarren bueltara
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehen buelta amaituta,. Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti bertsolari lekeitiarrak sailkatu dira bigarren bueltara. Intxausti zapatuan (azaroak 15) Bermeoko saioan ariko da, eta Galletebeitia azaroaren 22ko Markina-Xemeingoan.
Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren bueltara sailkatu dira. Bestalde, lehen bueltaren ostean, lehiatik kanpo geratu da Lurdes Ondaro. Izan ere, atzo (azaroak 9) lehiatu zuten Barakaldoko Lasesarre kiroldegian finalaurrekoen lehenengo bueltako azken saioa, eta han erabaki zen nortzuk ariko diren hurrengo bueltan.
Galletebeitia izan zen azken saio horretako onena, lan puntuagarri guztiak egin ostean, berak batu baitzuen puntuaziorik altuena: 653 puntu. Haren atzetik, 27 puntu gutxiagogaz, geratu zen Enbeita, 626 puntu bilduta, eta hirugarrena izan zen Amillategi, 591,5 puntu eskuratuta. Laugarren sailkatu zen Lurdes Ondaro, hirugarrenak baino lau puntu eta erdi gutxiago eskuratuta (586 puntu), eta Ondaroren ostean, Mikel Goirienak bildu zituen 569 puntu. Irune Basagoiti izan zen seigarren postuan gelditu zena, 515,5 puntugaz.
Saioko hiru onenak bata bestearengatik gertu ibili ziren saio hasieran, baina Galletebeitia izan zen ariketa gehienetan puntu gehien pilatu zituena. Hamarreko txikian bera eta Enbeita nabarmendu ziren, bi puntuko alde txikiagatik aurretik jarri baitzen Galletebeitia, eta zortziko txikian ere lekitiarra izan zen puntuazio altuena jaso zuena (138 puntu), Amillategik baino bi puntu eta erdi gehiago. Iparragirreren ariketan, Enbeitak baino puntu eta erdi gehiago bildu zituen, baina muxikarra izan zen puntu-erantzunetan gailendu zena; 96 puntu bildu zituen berak, eta 93,5 puntu Galletebeitiak. Hala ere, bien artean ordura arte zegoen 11 puntuko aldea zabaldu egin zuen lekeitiarrak Ganbarako ariketarekin.
Hala, lehen itzulia amaituta, zehaztuta gelditu ziren finalaurrekoen bigarren bueltako bertsolariak, baina baita saio bakoitzean zeintzuk ariko diren ere. Hori dela eta, zapatu honetan (azaroak 15), 17:00etan, Bermeoko Artza frontoian bertsotan ariko dira Intxausti, Enbetia, Amillategi, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra eta Unai Mendiburu.
Eta, azaroaren 22ko saioan, Markina-Xemeingo Uni frontoian, 17:00etatik aurrera, Galletebeitia, Txaber Altube, Oihana Bartra, Jone Uria, Imanol Uria eta Gorka Pagonabarraga izango dira oholtzara igoko direnak.
Finalaurrekoetarako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.