Lekeitioko Udalak Gazte Plana osatzeko bilerak deitu ditu
Zapatuan [azaroak 14] egingo dute lehen saioa eta hilaren 21ean bigarrena, biak ala biak Txitxintokian.
Lekeitioko Udaletik hainbat parte hartze saio osatu dituzte herriko gai desberdinen inguruan. Alor asko ikutu izan dituzte orain arte, hala nola etxebizitza edota euskera, orain horiek eta beste asko landu nahi dituzte, baina betiere gazteekin.
Hain zuzen ere, Gazte Plana osatzeko bidean bina saio deitu dituzte: azaroaren 14an eta 21ean. Biak ala biak Txitxintokian egingo dituzte eta 18:00etan emango diete hasiera. 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako saioak direla azpimarratu dute eta udaletik bertaratzeko ez ezik, parte hartzeko deia luzatu dute. “Herria gero eta zaharragoa da eta gazte barik ez dago herria bizirik”, esan dute. Gazteon nahiak eta beharrizanak “erdigunean” jartzeko saioak direla diote eta horien inguruan aztertu, hausnartu eta etorkizuneko erronkei buzu hitza egiteko: “Gazteentzako ere Lekeitio bizigarriago izateko”.
Lekeition bizi zara, baina zelan nahi duzu bizi? Zer beharko zenuke horretarako? Hori da udaletik jaurti dituzten galderak. Hain zuzen ere, udal ordezkariak aitortzen dute herrian bertan emantzipatzea “gero eta zailagoa” dela eta ondorioz, horrek “norbere autonomia garatzea oztopatzen” duela diote.
“Beharrizan batzuk asetzeko kanpora joan behar izaten gara lekeitiarrak egunero, lanera edo ikastera, esate baterako. Baina gaur egun herrian daukagun garraio publikoarekin trabak besterik ez ditugu”, onartu dute. Euskara, parekidetasuna, jasangarritasuna, zerbitzuak… azken batean gazteak gobernantzan zelan eragin aztertu nahi dute. Horretaz eta beste hainbat gaietaz hitz egin beharra dagoelako antolatu dituzte saioak.