Animaliarik gabe egingo dute Berriatuko Azoka
Animalien ordez, zapatuan [azaroak 22] berritasunak erakarri dituzte elikagai eta artisau azokara.
Aurtengo Berriatuko Azoka elikagai eta artisauena izango da, ez animaliena. Hain zuzen ere, ganadu azokak aldi baterako debekatu dituzte Euskal Herri osoan, behiei eragiten dien Dermatosi Nodular Kutsakorra gaitza ez hedatzeko. Horrenbestez, aurtengo azoka desberdina izango da.
Hala ere, eskaintza anitza biltzea lortu du Berriatuko Udalak, Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteagaz eta Hamen Bertokoagaz batera. Zapatuan [azaroak 22] 10:00etatik 14:00etara 30 postu jarriko dituzte herriko plazan. 16 ekoizleak izango dira eta 14 artisauenak. Elikagaien artean, ez dira faltako baserritarren produktuak, besteak beste, gazta, eztia, ogia, gozoak edota sagardoak. Artisauek ere haien tokia izango dute eta bitxien, poltsen edota saskien postuak jarriko dituzte. Ohi bezala, taloak ere egingo dituzte Hostozabal elkartearen eskutik. “Animalien hutsunea nabarituko da batez ere txikienek gustuko dituztelako, baina, era berean, antolaketa aldetik zama bat kentzen digu gainetik”, esan dute udaletik.
Berriatuko Azokak askotarako ematen duelako. Adibidez, 12:30ean, Tarine udal musika eskolako trikitilariek kalejira eskainiko dute azokatik. Horrez gain, ohi bezala, 16:30etik aurrera, 38. Berritxu Sariko finalak jokatuko dituzte Mendibarren frontoian. Eguraldia ez dutenez alde izango, euria eta hotza daude aurreikusita, frontoiko berotasunean elkartzeko deia egin dute zesta-punta eskolatik.
Erakusketak
Animalien ordez, aurten bestelako eskaintza osatu nahi izan dute antolatzaileek. Gauzak horrela, baserriko tresna zaharren erakusketa jarriko dute ikusgai. Hori gutxi ez, eta Lea-Artibaiko emakume baserritarren erakusketa ere eskainiko dute.
“Emakume nekazarien aitortza profesionala eta estimazio soziala sustatu nahi dira erakusketa honekin. Bertan, Lea-Artibai eskualdeko emakumeak buru dituzten bederatzi nekazaritza ustiategi baserri ikusiko ditugu: emakumeak landa-eremuan duten zeregin aktiboa aintzatetsiz, identifikazio soziala sustatuz eta emakume nekazarien profilen aniztasuna ikusaraziz”, esan dute.
Berriatuko Azokan emango diote hasiera erakusketari eta beste hainbat herrietarako ere hitzorduak zehaztu dituzte: Gizaburuagan azaroaren 23tik 25era egongo dira, Etxebarriko San Andres jaietan azaroaren 29an eta 30ean, Markina-Xemeinen plazaberripean abenduaren 4an eta 8ko bertso saioan, Amoroton abenduaren 13an eta 14an, Lekeition Santo Tomas azokan eta Mendexan abenduaren 25etik urtarrilaren 1era.