Berriatuko eta Mutrikuko eskolak saritu dituzte Arnasetik lehiaketan
Ispasterko eskolako eta Markina BHIko ikasleak ere finalistak izan dira. Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du lehiaketak.
Berriatuko eskolako umeakArnasa Gara Laugarren Arnasetik bideosormen lehiaketak “amaiera borobila” izan du, batez ere Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasleentzat. Azaroaren 27an egin zuten sari banaketa ekitaldia Leitzan, 200 lagunen aurrean, eta eskualdeko ikastetxeak protagonista izan dira. Malen Altuna markina-xemeindarrak egin zituen aurkezle lanak.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako kategorian, Ispasterko herri eskolako ikasleak finalista izan dira ‘Ispaster atzo eta gaur’ bideoagaz. DBH 1-2 kategorian, Mutriko BHIko ikasleek sari potoloa irabazi dute ‘Mutriku Arnasetik” izeneko bideoagaz. DBH 3 eta 4 mailan, Markina BHIko ikasleak finalistak izan ziren ‘Beti gogoan’ bideoagaz. Hori gutxi ez, eta Berriatuko herri eskolako ikasleek sortutako ‘Erberako ume zapuk’ lanak publikoaren bideo onenaren saria irabazi zuen.
Sariak IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak, ikas bidaian edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira. Irabazleek 500 euroko saria irabazi dute.
Aurten, 205 lan jaso dituzte eta publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 3.580 bozka baino gehiagogaz itxi zuten. Euskal Herri osoko 35 udalerri inguruko ikasleek hartu dute parte lehiaketan, tartean daude Ondarroa, Aulesti eta Lekeitioko ikastetxeak ere bai. Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte.
Errekonozimendua arnasguneei
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da. Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du. “Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik”.
Arnasguneak balioan jartzea “bereziki garrantzitsua” dela diote, euskararen alde egiten duten lanagatik. “Izan ere, edozein hizkuntza gutxituren indarberritze prozesuan hiztun dentsitate handiko guneek, euskararen kasuan arnasgune deitu direnek, izaera berezitua dute, eta ekarpen esanguratsua egiten diote indarberritzen ari den hizkuntzari. Era berean, arnasguneetako pertsonek gainerakoak euskaraz hitz egiten jartzeko badute gaitasuna. Beraz, arnasguneetako biztanleen hizkuntza ohiturek badaukate garrantzia berezia”.
