‘Hil Arte Bizi’ topaketak antolatu dituzte lehen aldiz
Eguaztenean [abenduak 3] emango diete hasiera hitzaldi zikloei eta martxoaren 11ra arte luzatuko dira. Herri mailan heriotzaren inguruan naturaltasunez berba egin eta elkarrekin ikasteko saioak direla diote.
'Hil Arte Bizi' tailerretako batNere Erkiaga Hil Arte Bizi tailerrak egin izan dituzte azkenaldian Lekeition, urtarrilean egin zuten azken zikloa, baina kasu honetan, beste pauso bat eman nahi izan dute. Nere Erkiagaren ekimenez eta Lekeitioko Udalaren antolaketagaz, Hil Arte Bizi Topaketak antolatu dituzte lehen aldiz.
“Helburu nagusia da heriotzaren inguruko jakituria herri kulturan txertatzea”, nabarmendu du Erkiagak. “Edozein gairi buruz ikasteko, gai horren inguruan berba egin behar da, eta esperientziak partekatu. Izan maratoi bat egitea, haurdunaldia zaintzea,… gai horren inguruan berba egiten dugu, baina heriotzaren inguruan tabua dago eta ezin denez naturaltasunez hitz egin, ezagutzak eta esperientziak partekatu gabe gelditzen gara. Herri mailan egoera horri buelta emateko proposamena da hau”.
Eguaztenean [abenduak 3] emango diete hasiera eta martxoaren 11ra arte luzatuko dira: abenduaren 3an eta 15ean, urtarrilaren 15ean eta 28an, otsailaren 26an eta martxoaren 11n egingo dituzte saioak. Denak ala denak 18:00etan hasiko dira eta Kultur Etxeko Azkue aretoak hartuko ditu. Antolatzaileek gogoratu dute ekimena ez dela egokia doluan daudenentzat, eta sarrera librea dela, ez dela aurretik izenik eman behar.
Saio “zabalak” izango direla aurreratu dute eta batez ere bertaratzen direnei gogoetara bideratu nahi diete. Gai praktikoak jaso dituzte, edozein pertsonari eragiten dietenak, eta herri mailan ere gogoeta beharko luketenak. “Tabuak eragiten dituen kalteak eta hitz egiteak sortzen dituen aukerak izango da hasierako gaia, eta ondoren ondasunen inguruan, hil direnen ondoan esperientzia onak izan dituztenen testigantza, hileta enpresen ingurura hurbiltzen ari diren inbertsio funtsen eragina herri mailan, eta bukaerako bi saioak, agurrak egiteko orduan garrantzitsuak diren elementuak zeintzuk diren gogoetatzeko baliatuko dira”. Gai bakoitzaren inguruko hitzaldi edo aurkezpen txiki bat egingo du Erkiagak eta jarraian herritarren arteko elkarrizketa edo mahai-ingurua egingo dute. Herritarrek beraiek heriotzaren inguruan gogoeta egitea eta esperientziak partekatzea “oso baliagarria” dela dio.
Hain zuzen ere, Lekeitioko herritarrak izango dira topaketa hauetan hitza hartuko dutenak. Erkiaga “oso eskertuta” agertu da herritarrek parte hartzeko jarreragatik, “eskuzabaltasun handia” dagoela nabarmendu du, horrelako gaien inguruan herrian bertan gogoetak eta esperientziak partekatzeko hori behar baita.
Gai anitzak
Abenduaren 3an emango diote hasiera zikloari Eingou ala?… heriotzaren kontura berba egiteak ez gaitu hilgo! Hitzaldiagaz. Bertan, heriotzaren inguruan sortutako ikarak gizartean eta norbanakoengan eragiten dabezan ondorioak eta heriotzaren kontura berba egiteak zer sortzen dauen izango dute berbagai. Mahai inguruan Elbi Eiguren, Goio Urkiaga, Miren Etxebarria, Maite Kaltzakorta eta Teresa Zaballa elkartuko dira.
Bigarrena, abenduaren 15ean egingo dute eta testamentua izango dute ardatz: Gure ondasunen inguruan ditugun eskubideak. “Testamentua egiteko legea 2015ean aldatu zen eta ekarri zituen aldaketak eta testamentua egiteko momentuan zertzuk gertatzen direnen inguruan hitz egingo dugu”. Arantza Bengoetxea izango da elkarrizketatua.
Urtarrilean beste bi saio egingo dituzte. Urtarrilaren 15ean, Hil diranen ondoan, esperientzia onak hizketaldia eskainiko dute, Oihana Garateagaz. “Heriotza momentua bere tristezian ederra ere izan dala bizi izan dabe askok. Esperientzia ona izan dabenenakin egingo dugu berba”. Hilaren 28an “inok aitatu ez nahi duen” gaia landuko dute: funerariako kontuak. Heriotzaren inguruan inbertsio funtsak be hasi diranean… Gorpuaren zaintza herrian izenburupean azkenengo urteetan egindako aldaketen inguruan hitz egingo dute hileta enpresa independiente bateko ordezkariagaz, “norberak norberen erara egin ahal izateko eta baita be herri mailan erabakiak hartu ahal izateko”.
Azken saioetan agurrak izango dituzte hizketagai, lehendabizikoan, Herrian egindako agurretatik ikasten: Elizan egindako agurrak izenburupean. Hil ostean komunitate mailan egiten diran agur ekintzak “garrantzia” dute dolua egiterakoan. “Mendeetan Euskal Herrian elizan egin dira omenaldiak, eta agurrak egiteko orduan zaindu behar danari eta kontu izan behar danari buruz jardungo dugu”. Joxe Agustin Maiz izango da elkarrizketatua.
Azken saioa martxoaren 11n egingo dute eta kasu honetan norberak egindako agurren inguruan hitz egingo dute. “Inongo kultur edo sinismen ohiturarik ez dauken pertsonak omentzeko egindako agurren kontura egingo dogu berba, antolatzeko orduan hartu dan kontutan ezagutzeko”, esan dute. Mahai inguruan Karmen Garatea, Imanol Gabiola eta Sorkunde Txurruka elkartuko dira.