Bigarren eskuko azoka emakumeen elkargunea izatea nahi dute beste behin
Zapatuan [abenduak 6] eta domekan [abenduak 7] zabalduko dituzte Andraetxeko ateak. Arropa uzteko ordutegia zehaztu dute.
Lekittoko Mugimendu Feministiak bigarren eskuko azoka elkartruke baino askoz gehiago bezala planteatzen dute. Aurten, Gabonen aurretik egingo dute, zapatuan [abenduak 6] eta domekan [abenduak 7], eta emakumeen elkargune bat izatea nahi dute.
Zapatuan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta domekan 11:00etatik 13:30era. Martitzenean egin zuten lehen arropa bilketa. Eguenean [abenduak 4] 18:00etatik 19:30era egongo da aukera nahi duenak arropa uzteko Andraetxean eta barikuan [abenduak 5] 18:30etik 19:30era.
Batez ere Gabonetan ematen den kontsumismoari aurre egitekoa moduetako bat arropari bigarren bizitza bat ematea dela uste dute mugimendu feministatik. “Denok daukagu dagoeneko erabiltzen ez ditugun gauzak etxean, arrazoi batengatik edo bestearengatik armairuaren sakonean daudenak, baina oraindik erabilgarri daudenak. Batzuentzako soberakinak izan daitezkeenak, beste batzuentzako beharrezkoak dira”, esan dute. Argitu dute ez dutela helburu etekin ekonomikoa ateratzea, borondatea bakarrik eskatuko dute. Hori bai, iaz, adibidez, lortutako diruagaz behar zuten ordenagailua erosteko zati bat ordaindu zuten.
Bigarren eskuko azoka emakumeen elkargunea izatea nahi dute. Normalean egoten diren emakumeez gain, Andraetxea bestelako neskei zabaldu nahi dizkiete ateak. “Modu bat da Andraetxea eta bere jarduna ezagutzeko, eta gure komunitatearen parte ez diren neskei ezagutara emateko. Guregana erakarri nahi ditugu, haiekin hitz egin eta zertan eta zelan lagundu ahal diegun jakin”, azaldu dute. Nabarmendu dute Andraetxean askotariko ekintzak antolatzen dituztela eta horien berri emateko modua ere badela azoka.
Esate baterako, eguenean [abenduak 4] faktura elektrikoan aurrezteko tailerra eskainiko dute, 18:00etatik aurrera, Andraetxean. “Ekarri zure faktura elektrikoa eta guztiok batera aztertuko dugu”, esan dute.