Dibertsitate funtzionaldun herritarrek kirolera hurbiltzeko dituzten beharrizanak aztertu ditu Lekeitioko Udalak
Udaletik “txalotu” nahi izan dute 40 kultur-kirol talde eta eragilek Herri Egunean batutako 2.900 euroak Haszten elkarteari eman izana.
Dibertsitate funtzionaldun herritarrak kirolera hurbiltzeko beharrizanak aztertu ditu Lekeitioko Udalak Haszten elkarteagaz batera. Haszten elkartea, Bizkaian aniztasun funtzionala duten haurrak kirolean hastea eta jarduera fisikoa egitea bultzatzen duen elkartea da.
Egindako diagnostikoak hiru helburu nagusi ditu. “Batetik, dibertsitate funtzionala duten pertsonak identifikatu eta beraien errealitatea ezagutzea. Bestetik, herriko kirol taldeetan duten partaidetza eta beharrizanak ezagutzea. Eta azkenik, familien nahiak eta beharrizanak ezagutzea”. Azterketa diagnostiko honetan ere “arreta berezia” jarri nahi izan dute ezgaitasuna duen emakumearen errealitateari, “bazterketa bikoitza jasaten baitute”. Lekeitioko udalerrian dauden 22 kirol, hezkuntza eta gizarte egituretatik hamarrek parte hartu dute.
Dianostikoa eskutan, Lekeitio “aniztasuna errespetatzen duen herria” izateko lanean dabilela esan dute udaletik. Kirol instalazioak eta herria “irisgarriago” bihurtzeko apustua egin duela diote, “pertsona horien bizi-kalitatea hobetu eta kirol nahiz jarduera fisiko programa eta baliabide egokienak antolatuta”. Egokitutako lehiaketa federatuetan aritzeko aukerak ere eskaini nahiz dituzte.
Lekeitioko Eskola Kirolan eta Herri Udalekuetan Haszten elkarteko hezitzaile espezializatuak kontratatuko dituzte desgaitasuna duten ikasleekin lan egiteko. Igerilekuko monitore-sokorristek ere dibertsitate funtzionalaren inguruko formazioa jaso dutela adierazi dute. Hain zuzen ere, herritik kanpo boccia kirolean dabiltzan hiru herritarrek Lekeition entrenatzeko aukera izango dutela aurreratu dute eta gainera, boccia ligako jardunaldi bat Lekeition jokatuko dela esan dute.
Udaletik “txalotu” nahi izan dute 40 kultur-kirol talde eta eragilek Herri Egunean batutako 2.900 euroak Haszten elkarteari eman izana. “Dirua aniztasun funtzionala duten haurrak kirolean hastea eta jarduera fisikoa egitea bultzatzeko izango da”.