Euskararen aldeko mezuak, lau haizetara
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hamaika ekintza egin dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek. Gaurko [abenduak 3] jardunaz gain, beste zenbat ekintza egingo dituzte datozen egunetan ere.
Bertsoak abestu dituzte Markina-Xemeingo gaztetxoek. Euskararen aldeko aldarriak lau haizetara zabaldu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek gaur [abenduak 3], Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Hamaika ekintza antolatu dituzte herrietan, eta ekitaldi jendetsu bezain hunkigarriak izan dira asko.
Markina-Xemeinen, esaterako, herriko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak izan dira protagonista, eta euriaren eraginez Plazabarripean egin behar izan duten arren, ez da traba izan euskararen aldeko mezuak lau haizetara zabaltzeko.
Ekitaldiagaz hasteko, Markina BHI-ko eta Berakruzeko DBHko ikasleek aurtengo mezua irakurri dute, eta euskara bizirauteko baino, erabiltzeko dela aldarrikatu dute. Txalo zaparrada artean agurtu dituzte bi ordezkariak, eta jarraian, LH 5 eta 6. mailetako ikasleek hartu dute hitza. Zenbait bertso abestu ostean, denen indarrak batu, eta besteren artean, Behin betiko eta Euskararen eguna egunero bezala abestiak abestu dituzte. Ekitaldia amaituta, txokolate beroa hartu dute denek elkarrekin.
Eskualdeko eskola denetan egin dute ospakizunen bat. Ondarroan, esaterako, tanborradan irten dira herriko ikastetxeetako ikasleak; urteroko legez, jendetsua izan da aurtengo saioa ere. Lekeition, ostera, Herri Eskolako kideek jaialdia egin dute eskolan, eta Azkue Ikastolako ikasleek, aldiz, Begi Talo Nago jaialdia. DBH-ko ikasle nahiz irakasleek, ostera, barre algaraka amaitu dute goiza, Ikusgarrin umore bakarrizketak ikusiz. Berriatuarrek bazkalostean eduki dute saioa, eta Ametsen mundua antzerkiaz gozatu dute.

Ondarrutarrak, tanborrada jendetsuan.
Eskolaz kanpo ere, hamaika izan dira ospakizunak. Lekeition, esaterako, zapatuan [azaroak 29] arrantza tailerrean ibili ziren herritarrak. Ispasterren, ostera, ume nahiz nagusi, denek eduki dute zeregina. Barikuan [azaroak 28] erraldoien tailerraz gozatu zuten, eta domekan [azaroak 30], Mirari Martiarenaren eta Idoia Torregarairen ZtandaP binakako bakarrizketa saioaz; gaur, ostera, txotxongiloen saioa egin dute. Markina-xemeindarrek, gaurko [abenduak 3] jardunaz gain, zapatuan hitzaldi-tailerra egin zuten Yolanda Arrietagaz, eta emanaldi musikatua, Ibon RG eta Itxaro Bordagaz.
Aulestin eta Ziortza-Bolibarren, literatura izan da protagonista. Aulestin Marta Galarza ipuin kontalaria egon da, eta Maleta kontuak ipuina gustura entzun dute herriko umeek, eta Ziortza-Bolibarren ostera, Iñaki Iurrebasok Esnatu ala hil liburua aurkeztu du.Â

Erraldoien tailerra, Ispasterren.KIETB
Datozenak. Gaurkoarekin nahikoa eduki ez duenak, hurrengo egunetan ere edukiko du gozatzeko aukera. Besteren artean, Hikadromoa egingo dute barikuan [abenduak 5] Markina-Xemeinen, eta Pantailak Euskaraz egitasmoa ezagutzeko aukera egongo da Ondarroan eta Aulestin, abenduaren 9an eta 12an, hurrenez hurren. Munitibarren Miren Amurizaren Pleibak liburuaren inguruan jardungo dute barikuan [abenduak 5], idazleagaz.