Kutxabankek 38 udalerritan kutxazain automatikoak instalatzeko Jaurlaritzaren kontratua lortu du
Amoroton, Mendexan eta Ziortza-Bolibarren instalatuko dituzte kutxazainak. 38 kutxazain horietatik 31 "gehienez bi urteko epean" jarri beharko dituzte martxan, lehenengoak urtarrilean.
Eusko Jaurlaritzak Kutxabanki esleitu dio Bizkai, Araba eta Gipuzkoako landa eremuetako 38 udalerritan kutxazain automatikoak instalatzeko eta mantentzeko kontratua, tartean Amoroton, Mendexan eta Ziortza-Bolibarren.
Zehaztu dutenez, kutxazain horien ezarpenak oinarrizko zerbitzua eskainiko die udalerri horietako herritarrei, orain arte horren gabezia izan baitute. “Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailak lanean jarraitzen du lurraldeetako landa eremuetako bizilagunen bizitza hobetzeko. Jaurlaritza konprometituta dago lurralde oreka eta aukera berdintasuna bermatzeko, bai eremu urbanoan, bai landa eremuan”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.
Esleipenean jaso dutenaren arabera, 38 kutxazainetatik 31 “gehienez bi urteko epean” jarri beharko dituzte martxan, eta lehenengoak urtarriletik aurrera erabilgarri egotea espero dute.
Sailak bilera erronda bat egin du aukeratutako udalerrietako udalekin, eta topaketa horietan esleipenari buruzko xehetasunak helarazi dizkiete, udalek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Eta, jakinarazi dutenez, kutxazain bakoitzerako kokapen egokienak udalek aukeratuko dituzte, “irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzua martxan jartzeko azkartasuna bermatuz”.
Eusko Jaurlaritzak dio kontratu horrekin Berosi programako ekintza “nagusietako bat” gauzatzeko “urrats erabakigarria” eman dutela, hori Jaurlaritzak landa eremuko zerbitzuak eta bizi kalitatea indartzeko martxan jarritako programa baita. Hala dio Barredok: “Ekimen hauen bidez, sailak berriro berresten du landa eremu bizia, berritzailea eta oinarrizko zerbitzuekin hornitua izateko konpromisoa, lurralde-kohesioa eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osoan aukera-berdintasuna bermatuz”.