Ondarroako Udalak eta Zatoztek bonu kanpaina jarri dute martxan
Gaurtik [abenduak 3] abenduaren 13ra arte egongo dira bonuak eskuragarri. Kanpainaren helburuak Ondarroako dendetan kontsumoa bultzatzea eta tokiko merkataritza sustatzea dira.
Bonu kanpainaren aurkezpena. Ondarroako Udala. Zatozte Ondarroako Merkatarien Elkarteak eta Ondarroako Udalak bonu kanpainari eman diote hasiera, eta abenduaren 13ra arte egongo da martxan, beti ere, bonuak arinago amaitzen ez badira. Kanpainaren helburua da herriko dendetan kontsumoa bultzatzea eta tokiko merkataritzaren jarduera sustatzea, eta honetarako, udalak 10.000 euro bideratu ditu.
Bonu bakoitzak 15 euroko balioa du, baina bezeroak 10 euro ordaindu beharko ditu, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu erabili ahal izango ditu. Bonuak establezimenduetan Nortasun Agiria erakutsita trukatu behar dira, eta gutxieneko erosketa 15 eurokoa izan behar da: “200 bonu jaulkiko dira, eta 5 euroko bonuak dira, ahalik eta herritar kopuru handienarengana iristeko asmoarekin, hau da, 15 euro gastatu eta 10 euro ordainduko dituzte herritarrek”.
Kanpainaren kudeaketa Zatozte Elkarteak egingo du, tokiko establezimenduekin elkarlanean, eta elkarteko kideek bonuen garrantzia azpimarratu dute: “Bonuak tresna eraginkorra dira bezeroak erakartzeko, salmentak aktibatzeko eta tokiko merkataritzaren hurbiltasuna eta kalitatea balioan jartzeko”. Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak herriko komertzioen lana balioan ipini du: “Herri biziak nahi baditugu, garrantzitsua da merkataritzari laguntzea, izan bonuen bidez edo beste bide batzuetatik. Bonu hauen bitartez, herritarrei euren erosketetan laguntzea, herriko komertzioa sustatzea eta dirua herrian bertan mugitzea lortuko dugu”.
Horrez gain, Alkortak duela hilabete aurkeztutako Oso Pro! kanpaina gogora ekarri du, eta bonu kanpainaren abantailak aipatu ditu. Herriko komertzioetan kontsumitzea “abantaila” dela zehaztu du: “Herrian erein, herria loratuz. Udalak jarritako dirua herritarrek darabilte, herriko komertzioetan, tokiko merkataritza sustatuz. Horrez gain, plataforma handiek eskaintzen dituzten balizko abantailen aurrean, herritarrek 5 euro aurrezten dituzte erosketa bakoitzean, eta gainera, dendariek ez dute dirurik galtzen. Bestalde, bonu kanpaina honek herriko merkataritza sustatzea du helburu, herritarrak herrian erostera animatu eta horrela erosle potentzialak erakarriz”. Kanpainak herriko ekonomiari «positiboki eragiten» diola nabarmendu du alkateak: “Izan ere, tokiko saltokiek jasotzen duten sarrerari esker, herrian ekonomia modu zirkularrean mugitzen da, eta bizi kalitatea sustatu daiteke”. Aurrez aurreko tratuaren garrantzia azpimarratu du: “Ez dugu ahaztu behar, bonu sistemak bertatik bertarako eta aurrez aurreko tratua sustatzen duela, lekuan bertan eroslea eta saltzailea aurrean daudelarik”.
34 komertzio. Kanpainan herriko 34 komertzio hauek parte hartu dute: Anie, Arantza estetika, Badiola burdindegia, Bengoetxea kirolak, Dra! jolas denda, Dra! osagarriak, Eguren elektrotresnak, Fernando Urruzuno farmazia, Osa Larruzea farmazia, Frias, Ganbara, Idaga estetika, Idiakez, Intersport, Klik Klak, Kurike, Laura’s arropa denda, Lavin, Lide, Lilie, Lorak Esther, Marta ileapaindegia, Martin informatika, N maskoten ileapaindegia, Nerea, Goe oinetakoak, Omar konponketak, Sustrai belardenda, Tiki Taka, Vitoria optika, Zaloa, Zaton eta Zibot.