48280 taldea, ‘sold out’ olatuan sartuta
Lekeitioko 48280 taldeak urtebete baino gutxiagoan bigarren aldiz beteko du gaur, Bilboko Kafe Antzokia. Bleszzz, Ruizma, Txoron, Karzu, Ox eta Lil gazte lekeitiarrek sarrera guztiak agortu dituzte, urtarrilaren 11n egin bezala. Aldatu ez direnak herri nortasuna eta euskararen aldeko apustua dira.
48280, Bilboko Kafe Antzokian48280 4 katu parkian. 8 zerbezaz tartian. 2 pertsona bixotzian. Beste 8 gure atzian. 0 gure ganian.
48280 Lekeitioko posta-kodea baino askoz gehiago da. Lekeitioko mugak zeharkatu dituen mugimendua da: gaur Bilboko Kafe Antzokia hartuko duena. Sold out olatuan, 48280 taldeak bigarren aldiz lortu du Bilboko Kafe Antzokia betetzea.
Rap mugimenduko inprobisaziotik datoz. Horrela hasi ziren. Eta horrela eman zituzten lehenengo pausoak, inprobisazioan. Biziraupena, azken batean. Bakoitza bere aldetik ibiltzea baino, hobe elkartzea. Hori pentsatu zuten Bleszzz, Ruizma, Txoron, Karzu, Ox eta Lil taldeko kideek.
Puzzle baten moduan elkartzen joan ziren, eta piezek ondo baino hobeto bat egin zuten. “Genero urbanoek batu gintuzten; bakoitzak bere estiloak eta erreferenteak baditu ere, kaleak eta herriak elkartu gintuen”. Lekeitiarrak izanik, gehiago edo gutxiago, baina denek zuten elkarren berri, elkar ezagutzen ziren.
Taldearen indarra da azken batean. “Babesa” aurkitu dute 48280 kolektiboan. Ordura arte bakoitzak bere abestiak egiten zituen, baina sostengu edo euskarri bat aurkitu zuten taldean, ez bakarrik kanta gehiago izateko, guztien artean kolaborazioak egiteko ere bai.
Baina 48280 musika estilo baten barruan definitu daiteke? Erantzuna argia da: Ez. “Denetarik egin izan dugu, baina egia da genero urbanoen barruan kokatzen garela. Bertan, estilo asko daude, rap, trap, drill, reggaetona… Juergarako doinuak dira gureak”. Hain zuzen ere, euskal musika eszenan horrelako musikaren falta nabaritu izan dute. Euskarazko sorkuntza “apur bat itxita” egon dela diote, eta orain hasi dira haiek eta Zilibito Records moduko taldeak “bestelako doinuak eta nahasketak” egiten. Azken batean, musika alternatiboek kultura aberasten dutela uste dute. “Erreferente argirik ez daukagu, bakoitzak bereak ditu, eta hori gure musikan ikusten da. Hainbeste genero egin eta entzuten ditugunez, bakoitzeko gustuko duguna hartzen dugu”. Euskal panoraman, Juantxo Arakama Monsieur leCrêpe eta Odei nabarmendu dituzte.
“Kontzertuetan ikusten eta sentitzen duguna oso berezia da, emozioak transmititzea oso aberatsa da“
Lekeitioko herriak dena eman diela nabarmendu dute: “Baten batek pentsatu dezake erraza dela herriaren babesa izatea, baina lehenengo filtro handi bat pasatu behar duzu. Zerbait desberdina egiterakoan, presioa sentitzen duzu, denok elkar ezagutzen dugulako, baina herriak ikusi du gure apustua handia dela, eta asko lagundu izan gaitu”.
Fenomeno soziala
Lekeition hasi ziren, eta hasieratik “herriaren babesa” izan dute. Hiri batean bizi ordez, herri batean bizi direnez, lehenengo pausoak Lekeition “fenomeno sozial bat” izen zirela diote. Herriagaz “oso eskertuta” agertu dira. Aitortu dute lehenengo kontzertuak “apur bat desastreak” izan zirela, batez ere alde teknikotik. Kaos horren barruan, “zerbait berezia” igarri zuten hasieratik: “Kontzertuetako giroa izugarria zen”.
“Orain gehiago zaintzen dugu guztia, eta orain ez ditugu guk kantak jarri behar, Dja daukagu eta soinu aldetik ere inbertsioa egin dugu”. Alde horretatik, Lil taldekidearen “begirada profesionala” goraipatu dute, “beti hobetzen saiatzen” ari delako. Uste dute denbora tarte gutxian asko hobetu dutela. Orain, etorkizunari aurre egiten hasiak dira: “Arrakasta ikusten hasi gara, eta horrek bestelako ardura bat ekartzen du”. Hau da, sinesten hasiak dira.
Hori bai, balioak eta konpromisoak mantendu nahi dituzte. Argi dute Lekeitio herri euskalduna dela, eta horren alde egiten dute 48280 taldekoek. Euskara ama hizkuntza dute, eta “naturaltasunez” egindako hautua izan dela diote, horrela adierazten direlako ondoen: “Gure estiloa garatu nahi dugu, baina gure balioei uko egin barik, eta horietako bat da euskara”. Gainera, erronka bezala ere hartu izan dute: “Orain arte ez dugu gure generorako gustuko dugun euskarazko kanta askorik entzun euskal panoraman”. Bai nabaritu dute euskal erreferenteak falta direla, batez ere sare sozialetan, eta “musika eta sare sozialak gaur egun batera doaz”. Gazteek Tik Tok edo Instagram moduko plataformak erabiltzen dituzte gehien, eta bertan euskara falta dela sumatzen dute: “Gure konpromisoa Euskal Herrian euskaragaz ere erreferente izatea da, Gatibu, adibidez, bizkaieragaz izan den bezala”. Konpromiso kulturala mantendu nahi dute herriagaz, horrela lortu nahi dute arrakasta.
Gaur egun, arrakasta, baita euskal musikan ere, sold out fenomenoagatik neurtzen da. 48280 taldekoak ere puntu horretara heldu dira. Bigarren aldiz saldu dituzte Bilboko Kafe Antzokia bezalako plaza bateko sarrera guztiak. Orain arteko kontzertu guztiak erabateko arrakasta izan direlako “harro” daude: “Txarto ohituta gaude”. Hala ere, argi dute sold out egitea “ez dela normalena”, eta fenomeno horren inguruko hausnarketa ere egin dute: “Badaude artista asko lan ikaragarria egiten dutenak eta sarrera guztiak agortzen ez dituztenak. Arrakasta ez du paperak edo sarrerak neurtzen. Ezin da zabaldu teoria sinple hori bakarrik. Hala ere, uste dugu euskal kulturak behar dituela San Mames bezalako eszenatokiak euskaraz abesten duten artistekin betetzea”.
Lekeitiotik mundura
Kuadrillakoen eskutik alde egin dute, eta gaurko kontzertua horren adibide dela diote. “Kafe antzokiko lehenengo kontzertua lekeitiarrez beteta egon zen; orain ere egongo dira, baina badakigu toki askotako jendea etorriko dela”. Lea-Artibaitik haratago zabaldu den fenomenoa da dagoeneko.
Gaurko kontzerturako “gogotsu” daude, lehenengo kontzerturako baino “gogo gehiago” dituzte. Prestaketa lanak “askoz hobeto” egin dituzte oraingoan; Bilboko Kafe Antzokiko aurreko kontzerturako baino gehiago landu dute guztia: soinua, antolaketa, artista gonbidatuak… Estreinako hura “erokeria” izan zela diote, eta sarrera erosi dutenek ezustekoak ikusiko dituztela aurreratu dute. Gainera, bestelako artistei tokia eman nahi diete, euskal eszenan “eskuzabaltasun falta” igartzen dutelako: “Zubiak eraikitzen joan behar gara”.
Burua galdu barik, lanean jarraitu nahi dute, “batez ere, musika asko atera, elkarrekin eta bakoitzak bere aldetik”. Abestiak lantzen dabiltza udan kontzertuak emateko. Handi bilakatu nahi dute: “Kontzertuetan ikusten eta sentitzen duguna oso berezia dela sumatzen dugu, emozioak transmititzea oso aberatsa da. Horretarako lana behar da, asko gainera”.
