700 bertsozale elkartu ditu Kontzezio Eguneko bertso jaialdiak
Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia, Amets Arzallus, Jone Uria eta Unai Iturraiga aritu dira bertsotan, eta beste urte batez, entzuleek ederki erantzun dute.
Abenduaren 8a bertso eguna da Markina-Xemeinen, eta aurten ere ez du hutsik egin hitzorduak. Amaiur Kultur Elkarteak antolatuta, Uni frontoia jendez bete zen beste behin: 700 entzule inguru bildu ziren atzo [abenduak 8] arratsaldean puntako bertsolarien saioa entzutera, herritarrak nahiz inguruetako herrietatik bertaratu zirenak.
Aurten ere, lehiatik kanpo eta konplizitatean oinarritutako plaza izan da. Maila goreneko sei bertsolari igo ziren oholtzara: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia, Amets Arzallus, Jone Uria eta Unai Iturraiga. Gaiak jartzen, ostera, Amaia Agirre aritu zen, eta gaurkotasuneko gaiak ugariak izan ziren. Eskola kirolaren auziaren inguruan aritu ziren, esaterako, Lujanbio eta Arzallus, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren inguruko hausnarketak partekatu zituzten Ibarzabalek eta Uriak. Galletebeitiari, ostera, bakarka aritzea egokitu zitzaion, eta Agirrek aireratutako galdera baten inguruan aritu zen: “Zerk kezkatzen eta zerk pozten du 40 urte betetzera doan Xabat?”.
Jolaserako lekua ere egon zen jaialdian. Besteren artean, jaialdiko beteranoak, Lujanbio eta Iturriaga, puntuka librean ipini zituen Agirrek elkarrekin, eta Lujanbio, Ibarzabal, Arzallus eta Iturriaga, ostera, Walt Disneyra doan familia baten azalean ipini zituen.
Entzuleen erantzuna ederra izan zen beste urte batez: giro beroa egon zen frontoian, eta adi jarraitu zituzten ariketa guztiak, isilune bezainbesteko barre algarekin. Gainera, txapelketen dinamika estutik irten eta arnasa lasai hartzeko aukera eduki zuten Uriak eta Galletebeitiak, eta entzuleek eskertu zuten hori; batak zein besteak, bi astean, bi aldiz zapaldu dute Uniko oholtza, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean ariko dira abenduaren 20an Bilboko Casillan. Ibarzabalek, urteroko legez, etxean kantatu zuen, eta Lujanbio, Arzallus eta Iturriagarekin batera, nabaria izan zen lau bertsolariek ondo ezagutzen dutela plazaren erritmoa.