Andraetxeko bigarren eskuko azoka, askotariko emakumezkoen bilgune
Zapatuan [abenduak 6] eta domekan [abenduak 7] egin dute Lekittoko Mugimendu Feministiak antolatuta.
Lekittoko Mugimendu Feministiak bigarren eskuko azoka antolatu du Andraetxean, zapatuan [abenduak 6] eta domekan [abenduak 7]. Nahi zuten bezala, azoka aitzaki, esan dute emakume asko hurbildu direla Lekeitioko Andraetxera. “Batzuk arropak ekartzera, besteak armairua aldatzera eta asko han egiten diren eta egin daitezkeen ekintzen inguruan informazioa trukatzera. Gabonetako kontsumo ohiturei aurre egiteko aukera paregabea izan dugu, giro ezin hobean”, adierazi dute feministek.
Baina bigarren eskuko azokak beste askotarako eman du, argi dute merezi duela bakarrik emakumeen elkargune izateagatik: “Axola zaizkigun gai askoren inguruan patxadaz hitzegiteko aukera izan dugu ezagunak eta ezezagunak diren emakumeekin, modu informal batean, bilera eta ikastaro tartekorik gabe”.
Azken finean, arroparena aitzakia besterik ez da izan bestelako emakumeei Andraetxeko ateak zabaltzeko. “Emakume interesgarriekin topo egin genuen eta konturatu ginen, gure herrian badirela egoera oso zaurgarrian bizi diren ezagutzen ez ditugun emakumeak. Batzuk haien arazoak eta kezkak kontatzeko aukera izan dute eta guk, ateak zabaldu dizkiegu”.
Emakumeentzako espazioa
Gizonezko batzuk ere hurbildu ziren azokara, eta Lekittoko Mugimendu Feministiako kideek azaldu zieten “emakumeentzako sortutako espazio segurua dela Andraetxea eta emakumeak bakarrik sar daitezkeela”. Gizonezko batzuk “berehala” ulertu zuten eta “eskerrak emanez” agurtu ziren, baina beste batzuk, ordea,” diskriminatuak” sentitu zirela esan dute. Horregatik, “inor mindu barik” azalpenak eman nahi izan dituzte, “kalean ematen ari den urteetako eztabaida” delako.
Hasteko, Andraetxeko emakumeek argi utzi nahi dute ez dituztela gizonezkoak baztertzen. “Diskriminazio positiboa, erabiltzen dugu desberdintasun historikoak zuzentzeko balio duen aldi baterako tresna bezala. Andraetxean diskriminazio positiboaz baliatzen gara, hala erabaki genuelako, prozesu luze batean bildu ginen emakumeak, eta horrela berretsi genuelako gure erabakia, pasa den urteko otsaileko Alkargunean ere”.
Horrez gain, gogoratu dute ez direla erraminta hori erabiltzen duten elkarte bakarra: gutxiengo etnikoak diren talde batzuk, desgaitasuna duten pertsonak, hezkuntzan, enpleguan edo eta hainbat zerbitzuetan ere erabiltzen dela. “Erreminta hau, berdintasun erreala lortzeko helburuarekin aplikatzen da, gizartean dauden desberdintasunak orekatzeko eta oztopoak gainditzeko asmoarekin. Bestalde, badira gizonen aldetik askotariko biolentziak jasan dituzten emakumeak. Gizonezkoekin espaziorik partekatu nahi ez duten emakume horiek, gure artean nahi ditugu eta modu honetan, espazio segurua bat behintzat bermatuta dute”.
Aldi berean, badakite “gizonezko gehienek” Andraetxean hartutako erabaki hori errespetatzen dutela. “Ulertzen ez dutenek, ordea, errespetatu beharko dute, horrelako neurriak hartzera behartuta gaudelako gu ere, berdintasun erreala lortu arte”.