Uribarren-Abaroa Fundazioko Patronatuak dio ez zuela irregulartasunen berri
Lekeitioko Erresidentziari 92.000 euroko isuna jarri dio Bizkaiko Foru Aldundiak. Fernando Ibarra aurreko zuzendariak dio berak ez duela isuneko erantzukizunik.
Joan den astean El Correo egunkariak argitaratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Lekeitioko Uribarren-Abaroa erresidentziari 92.000 euroko isuna jarri diola askotariko irregulartasunengatik. Besteak beste, “langile faltari, kontserbazio eskasari eta adinekoentzako ezaugarri fisikoen erabileraren erregistrorik ez izateari” erantzuten du isunak.
Orain, erantzukizuna nork hartu behar duenaren eztabaida zabaldu da. Alde batetik, Uribarren Abaroa Fundazioko Patronatuak azalpen oharra argitaratu du. Bertan dio, irregulartasunak eta horien ondoriozko zehapenak 2023ko abenduaren 1ean, 2024ko irailaren 25ean eta 2024ko azaroaren 14an egindako ikuskapenetatik datozela. Hori gutxi ez, eta Patronatuak dio ez duela irregulartasunen berri izan orain arte, “garaiko zuzendaritzak ez ziolako informaziorik eman”.
2024an eta 2025ean, Patronatuak aurreko zuzendaritzaren eta gerentziaren jarduerak “amaitutzat” eman zituela azaldu dute. “Data horretatik aurrera, trantsizio-prozesu bat hasi zen 2025eko uztailean amaitu zena, egoitza kudeatzeko arduradun berriak kontratatuta”. Hortik aurrera, ikuskapenetatik eska daitezkeen “betebehar horiek guztiak” bete izan direla diote. “Patronatuak egoiliarren autonomia eta ongizatea ardatz dituen arreta pertsonalizatua eta kalitatezkoa sustatzeko helburuarekin jarraitzen du”, azaldu dute.
Aurrekariak
Beste alde batetik, Fernando Ibarra aurreko zuzendariak ere bere azalpenak eman nahi izan ditu. Hasteko, gogoratu du 2024ko martxoaren 4ra arte izan zela erresidentzian eta ondorioz “argi” daukala ez duela isunaren erantzukizunik. Era berean, adierazi du albisteak ez duela ezustean harrapatu. “Erresidentziatik ibiltzen diren pertsonek esan didate azken urtean antolakuntza arazoak, artatu gabeko egoiliarrak, baimenik gabeko erabakiak, instalakuntza gabezia handiak edota arazo ekonomikoak ikusi izan dituztela”.
Horrez gain, Ibarrak gogoratu du Erresidentziako enpresa batzordeko kide batek 2024ko urriaren 7an salaketa bat jarri zuela: “Egoiliarren oinarrizko eskubideak urratzeagatik, baimenik eta preskripziorik gabe euste-neurri fisikoak aplikatzeagatik eta zentroko langileek, 2024an eta 2025ean Matia Fundazioaren zuzendaritzapean, ez dutelako baldintza fisikoen protokoloa aplikatzen”. Argi dauka Patronatuak egoeraren berri zuela, baina Jose Agustin Maiz presidenteak ez zuela “ezer egin” eta ez zela saiatu “konponbiderik aurkitzen”. Gainera, gogoratu du enpresa batzordeko kidea kaleratua izan zela.
Izan ere, lehengo kudeatzaileak uste du bestelako isunak ere jasoko dituela. “Erresidentziatik joan nintzenetik, Matia Fundazioaren eta Patronatuaren gestioarengatik, instituzioaren egoera ekonomikoa oso kezkagarria da”. Ibarrak argitu du bere agindupean, 2023an erresidentziak 201.000 euroko emaitza positiboak zituela eta 2024an, Matia Fundazioaren kudeaketagaz, 147.000 euroko galerak izan zirela.