Euskararen larrialdi egoeraren aurrean mobilizatzeko deia zabaldu du Ikamak
Biharko [abenduak 11] greba deitu dute Ikasleria Martxaneko kideek, Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hezkuntzan dagoen euskararen larrialdi egoeraren kontrako aldarriz betetzeko asmoz. Bilbon, 12:00etan jarri dute hitzordua, Arriagatik. Lea-Artibaiko Ikamak, horri eutsiz, bateratzeak antolatu ditu autobus geltokietan.
Argazkia: Ikasleria Martxan. Ikamak ikasle greba deitu du biharko [abenduak 11], Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituzten mobilizazioen harira. 12:00etan jarri dute hitzordua, esaterako, Bilbon, Arriagatik irteteko. Lea-Artibaiko Ikamak, gainera, bateratzeak deitu ditu Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeiton. Markina-Xemeinen 10:40ean geratu dira, autobus geltokian; Ondarroan, berriz, 10:00etan, Astilleroan; azkenik, 10:20ean jarri dute hitzordua Lekeition, autobus geltokian.
Izan ere, euskara “larrialdi egoeran” dagoela salatu dute Ikasleria Martxaneko kideek: “XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera eman zen susperraldi prozesuaren agerpenean ez ezik, atzeraldian sartzen hasita gaude jadanik”. Eta, esan dute testuinguru horretan ulertu behar dela azken hilabeteeran “logika atzerakoia eta forma judizial, mediatiko zein soziopolikoa duen euskararen aurkako oldarraldia”.
Euskal Herria hiru eremu politiko-administratiboetan banatuta dagoen heinean, “egoera oso desberdina” bizi da eremu bakoitzean, esan dutenez. Ze, euskara ofiziala den arren, euskalduntze prozesuan “aurrerapenik ez” dagoela adierazi dute. “Blokeo eta atzeraldi fasean” dagoela, hain zuzen. “Eta, zer esanik ez euskara ofiziala ez den tokietan”, gaineratu dute.
“Indarrean dagoen hezkuntza euskararen ezagutzaren arloan salto kuantitatibo nabarmena emateko elementu garrantzitsua izan bada ere, gaur egun agortuta dagoen redua da. Izan ere, ez da gai euskararen gaitasun maila egokia bermatu, erabileran jauzi bat eman, eta euskarak dituen erronka berriei erantzuteko”, esan dute. Egoera horren aurrean, halaber, jakin badakite ezin direla isilik gelditu. Euskalduntzen duen sistema baten alde borrokatu nahi dute, “aurreko belaunaldiek egin bezala”: “Orain ikasleriaren ardura da sortzera doan euskararen aldeko olatuaren motor izatea”.
Bost arrazoi.
Biharko deitutako aldarrietara batzeko deia zabaldu du, beraz, Ikamak, “bost arrazoi” bereiziz. Euskararen larrialdi linguistikoa eta oldarraldia zehaztu dute, alde batetik, hurrengoa zehaztuz: “Ez dira batere baikorrak euskararen etorkizunaren gaineko prospekzioak, eta euskararen aurkako oldarraldi juridiko eta politikoa ere parez pare dago”. Horrez gain, independentzia eta euskal hezkuntza sistema propioa aipatu dute, “Euskal Herria nazio zapaldua” dela adieraziz, eta Euskal Herriak “curriculum eta Estatu egitura propioak” behar dituela esanez, “independentziaren garrantzia” nabarmenduz.
Euskaraz ikasteko eskubidea eta ofizialtasuna ere azpimarratu dute, beregain: “Euskarak lurralde osoan ofiziala izan behar du. Nafarroako zonifikazio legea indargabetu behar da, eta Ipar Euskal Herrian Boxoa euskaraz egiteko eskubidea bermatu behar da, D eredua orokortuz”. Hezkuntza euskalduna, irisgarria eta kalitatezkoaren beharra erelehen lerroan jarri dute, “irakasleak erreferente euskaldunak” izan behar direla gaineratuz, eta “euskarazko kalitatezko materialen” beharra berretsiz. Azken arrazoitzat murgiltze eredu eraginkorrak sortzea jarri dute: “Ikasle guztiek izan beharko lukete euskalduntzeko aukera, eta horretarako beharrezkoa da murgiltze plan anbiziotsuak diseinatzea eta segregazioarekin amaitzeko neurriak hartzea”.
Gauzak horrela, Euskal Herriko 60 eragile eta norbanako baino gehiagoren atxikimendua jaso dutela gogoratu du Ikamak. Hala nola, kirolariak, musikariak, bertsolariak, talde politikoak eta sindikatu desberdinek adierazi dute Ikamaren deialdiarekiko atxikimendua. Esaterako, Irati Jimenez mundakarrak eta Mikel Etxaburu ondarrutarrak.
Bihar, gainera, Segregazio Mahaiaren laugarren bilera burutuko da, Gasteizen. LAB sindikatuak, ordea, jakinarazi du ez duela horretan parte hartuko, ze, adierazi dute Jaurlaritzak “Hezkuntza Legearen aldekotasuna” inposatu nahi diela: “LABek ez du onartuko Jaurlaritzak maltzurki nahi duen errelatoa inposatzea”.
Biharko grebara batzeko eta mobilizazioekin bat egiteko deia zabaldu dute, beraz, Ikasleria Martxaneko kideek, Gure hezkuntza, euskalduna! lelopean.