Zarzuelagaz hasi du Lagunkoia taldeak abenduko egitaraua
Lekeitioko nagusiek hurrengo egunetarako hitzorduak zehaztu dituzte, ekimen asko eta askotarikoak antolatu dituzte.
Lagunkoia taldeko kideak ekimen asko antolatzen dituzte urte guztian zehar, baina abenduan pilatu egin zaizkie. Hurrengo egunetan hainbat ekintzetan parte hartu dute. Eguaztenean [abenduak 10] eman zioten hasiera beraien egitarau propioari. ‘El caserio’ zarzuelaz gozatua hartu zuten Azkue aretoa bete zuten 50 lagunek. “Lana gurea bezalako inguruan kokatzerakoan bagenekien erantzuna bikaina izango zela”.
Barikuan Lekeitio Gabonetan sartuko da bete-betean. Kitto merkatatari elkarteak argien piztuera osatuko du 19:30ean, plazan. Ordubete lehenago Lagunkoia taldeko kideak ariko dira txokolatea prestatzen eta nahi dutenentzat banatzen. Hori bai, eskatu dute bakoitzak bere katillua eramatea.
Astelehenean [abenduak 15] abenduko auzolana osatuko dute langunkoiek. 09:30ean jarri dute hitzordua, parkean. Kasu honetan, bertako kopadun loraontziko landare zaharrak kenduko dituzte eta lurra prestatuko dute udaberrian landare berriak jartzeko. Horrez gain, umeen jolas guneko pintura barriztuko dute, mantenu lanak behar zituelako. Lan horiek alkateagaz eta udal langileko buruagaz adostuta egoten dira “herriaren beharrizanen arabera” eta noski Lagunkoia taldeko kideen “gaitasun eta ezagutza kontuan hartuta”. Ohi bezala, normalean elkartzen diren hamar pertsona inguruentzako hamaiketakoa egingo dute auzolana amaitu ostean.
Abenduaren 16an, hilabeteko taldeko bilera egingo dute, 10:00etatik aurrera, Kultur Etxeko Agustin Basterretxea Aretoan. Bertan, Lagunkoiako ateak zabaltzen dituzte, beraien ekintzetan interesa dutenek jendea ezagutu eta taldearen inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute. Horregatik, kide berriak egiteko aukera “ezin hobea” dela diote.
“Herri askotako nagusiak elkartu ohi gara eta aukera baliatzen dugu gure esperientziaz eta herriz herriko ekimenetaz hitz egiteko”
Hilabeteko azken bilera izaterakoan, urteko balantze bat egiteko baliatuko dute. “Hausnarketa egingo dugu, urtea zelan joan den ikusteko, zenbat ekintza antolatu ditugun, zelango erantzuna izan duten, hurrengo urterako zeintzuk erronka ditugun edota zenbat taldekide berri izan ditugun”. Alde horretatik, taldetik nabarmendu dute urriko Adinekoen Egunean herriko auzolan desberdinetatik egindako irteerak izandako “erantzun bikaina”: “Auzolan bat egiten dugun bakoitzean, plaka bat jartzen dugu gure izenagaz eta datagaz eta horiek bisitatu genituen ibilbide bat eginez. Oso pozik gaude ekintza horri esker hiru lagun batu zirelako taldera. Bikain pasatzen dugu gure artean, pena baino inbidia ematen dugu”.
Zinema aitzakia
Hilabeteko zinema emanaldia aurreratu egin behar izan dute, abenduaren 16an egingo dute, 18:00etan, Azkue aretoan. “El hijo de la novia” filma eskainiko dute. Hain zuzen, beste zinema saio batengatik aldatu behar izan dute ohikoa. Hirugarren urtez jarraian, Lekeitiok Silver Film Festibaleko emankizuna hartuko du Lea-Artibaiko Nagusien Elkarteen eskutik. Pertsona nagusiagoentzako zinema jaialdia da eta “belaunaldiak konektatzea” dute helburu. Abenduaren 17an Punkaren beste aldea dokumental proiektatuko dute 18:00etatik aurrera, Ikusgarri zinema aretoan. “Biziki eskertuko genuke erantzun on bat izatea eta zinea betetzea, urtero ekitaldi hau mantentzeko”, esan dute.
30 minutuko saioa izango da, baina batez ere eskualdeko nagusien elkargune bat izatea nahi dute. “Herri askotako nagusiak elkartu ohi gara eta aukera baliatzen dugu gure esperientziaz eta herriz herriko ekimenetaz hitz egiteko. Horrela guztion berri izaten dugu, batzuetan ez dakigulako alboko herrian zer egiten den eta asko ikasi dezakegu guztion artean. Oso interesgarria izango da, baita dinamikoa ere solasaldi parte hartzailea delako”.
Abenduko ekimenak amaitzeko, abenduaren 23an, Olentzero eta Maridomingiren etorrerako txokolatea prestatuko dute Lagunkoia taldekoek. 17:00etatik aurrera ariko dira txokolatea banatzen Azkue ikastolan. Egitarau bete-betea dute lagunkoiek hurrengo egunetan.