Eguneko udalekuen balorazio “oso positiboa” egin dute parte hartzaileek
Lea-Artibai Mankomunitateak aniztasun funtzional fisiko eta sentsoriala duten pertsonentzako eguneko udalekuak antolatu zituen udan, Ondarroako Zaldupe eskolan.
Lea-Artibai Mankomunitateak eta Lea Ibarra Amankomunazgoak bigarren aldiz antolatu ditu aurten eskualdeko aniztasun funtzional fisiko eta sentsoriala duten pertsonentzako eguneko udalekuak. Apnabi eta Aspace elkarteekin elkarlanean osatu zituzten abuztuaren 25etik 29ra. Orain, berriz, modu batera edo bestera parte hartu zuten eragile guztien balorazioaren berri eman dute. Denek ala denek balorazio “oso positiboa” egin dute.
Bederatzi pertsonek parte hartu zuten, asmoa gehiengora, hamabi pertsonara, heltzea bazen ere, uste dute partaidetza “ondo” dagoela. Erronka bezala jarri dute ume gehiagorengana heltzea. Izan ere, udalekuen helburu nagusietako bat da aniztasun funtzionala duten ume, nerabe eta gazteak beraien familia-ingurunean egon daitezen bultzatzea, “beraien familiei ahalik eta arazo gutxien suposatuz joan-etorrietan”. Hala nola, distantziak murriztea eta gastuak aurreztea.
Era berean, zaintzen dituztenak “denbora pertsonala” izatea bilatzen dute: atsedenerako, errekuperaziorako, aisialdirako eta, oro har, nork bere burua zaintzeko eta garapen pertsonalerako edo zaintza-eginkizunak betetzea eragozten dion premia-egoera bati aurre egitea.
Iaz Markina-Xemeinen egin zituzten eta aurten Ondarroako Zaldupe eskolan. Toki aldaketak inguruneagaz erlazionatzeko aukera gehiago eman dietela nabarmendu dute partaideek. “Udalerriaz be gustora egon dira, hainbat baliabide hurbil izan dute eta horrek asko erreztu du euren jarduna. Hondartzara joateko aukera izatea asko baloratu dute”. Familiek, adibidez, kokalekuaren egokitasuna azpimarratu dute baliabide “hurbil eta irisgarriak” izan dituztelako.
“Aspaceko arduradunentzat agian egunez eta gauez egitea udalekua ondo legoke; aldiz, Apnabikoentzat gauez egitea baino, nahiago bi asteetan zehar egitea”
Bestetik, koordintzaileek lan egiteko instalazioak “oso egokiak eta beharretara egokitutakoak” izan direla esan dute. “Lekuaren aukeraketa oso egokia izan zen; izan ere, inguruan baliabide eta entretenimendu-gune ugari zituen, igerilekuak, hondartza, parkeak eta frontoi bat barne. Horrek esperientzia aberastu zuen eta parte-hartzaileen interesetara egokitutako jarduera anitzak egitea ahalbidetu zuen”.
Bide beretik, “oso ondo” baloratu dute inguruko tabernetan bazkaltzea, “ulerkorrak izan dira, banakako premiei kasu eginez eta malgutasun eta sentsibilitate handia erakutsi dute”. Hala ere, aitortu dute eguraldi txarragoa egin duenean leku aldetik justuago egon direla gurpildun aulkiak sartzeko.
Aurrera begira
Hobekuntzei dagokionez, informazio aurreratu ahal izatean oinarri dira gehien bat. Alde horretatik, familiek zein koordinatzaileek eskatu dute garraio ibilbideak, irteera ordutegiak edota ekintzen programa zehatza denbora gehiagogaz esku artean izan ahal izatea “barne-antolaketa hobe baterako”. Bestalde, lehen aldiagaz alderatuta, datak egokitzea ondo ikusi dute, “familia eta lana bateragarri egiten lagundu duelako”. Ordutegiak ere moldatu dituzte eta aurtengoak nahiago dituztela adierazi dute partaideek: beranduago hasten ziren.
Etorkizun hurbilera ere jarri dira. Diotenez, astebeteko eguneko udalekuak familientzat “arnasa” dira, baina are gehiago izango ziren egunez eta gauez izango baziren. Gai hori bai parte hartu duten elkarteekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailarekin baloratu beharra dute. “Aspaceko arduradunentzat agian egunez eta gauez egitea udalekua ondo legoke; aldiz, Apnabikoentzat gauez egitea baino, nahiago bi asteetan zehar egitea”, aurreratu dute.
Hain zuzen ere, eskualdean horrelako baliabideak izatea “funtsezkoa” dela diote “familia eta lana bateragarri” egiten laguntzeko. Jardueren kalitatea eta talde profesionalen aldetik jasotako tratua nabarmendu dituzte familiek, partaideentzat esperientzia “oso ona” izan dela esanez.
Horrelako programek jarraipena izatea nahi dutela azpimarratu dute eta aurrera begira, tokien eta jardueren eskaintza zabaltzea. Eskerrak eman dizkiete antolatzaileei zerbitzua “tokiko ingurunera hurbiltzeko egindako ahaleginagatik”. Era berean, Lea-Artibai Mankomunitateak ere bere eskakizuna egin du: “2026. urteari begira, beste behin dagokienei eskatzen diegu Lea-Artibaiko premiez jabetzeko eta zerbitzua bertora ekartzeko, udalekuen erabiltzaileak beraien familia-ingurunean egon daitezen”.