Jon Antsotegi, Realeko behin-behineko entrenatzaile
Berriatuarrak zapatuko Levanteren aurkako neurketara arte gidatuko du taldea, tartean Kopako martitzeneko [abenduak 16] partida.
Jon Antsotegi Sanseko partida bat zuzentzenReala Realak Sergio Francisco orain arteko entrenatzailea kargugabetu zuen domekan [abenduak 14] barikuan [abenduak 12] Gironaren aurka Anoetan 1-2 galdu ostean. Entrenatzaile berria aurkitzen duten bitartean, Jon Antsotegik hartuko du lehen taldearen ardura. Berriatuarra Sanse bigarren taldeko entrenatzailea da, bigarren mailan 16. postuan dago kokatuta Reala B: 21 puntugaz, 18 jardunaldiren ostean.
Realak Espainiako Kopako kanporaketa bat jokatuko du bihar [abenduak 16], Eldan (Herrialde Katalanak), eta atzo bertan entrenamendua egin zuten Zubietan, norgehiagoka hori prestatzeko. Ansotegiren laguntzailea Imanol Agirretxe izango da, bigarren taldean bezalaxe. Berriatuarrak zapatuko Levanteren aurkako neurketara arte gidatuko du taldea. Horrenbestez, gaur egun Berriatuak bi entrenatzaile ditu lehen mailan, Jagoba Arrasate Mallorcan baitago.
Berriatuarrak dagoeneko prentsuarrekoa eman du Kopako partida baino lehen. Bertan, ezer baino lehen, besakarda bat bidali eta eskerrak eman nahi izan dizkio Franciscori eta bere lan taldeari “urteetan talde txuri-urdinaren alde egindako lanagatik”. Antsotegik esan du “lasai” dagoela, ez duela astirik izan egokitzeko hurrengo partidan pentsatzen dagoelako. Taldean sartzea “erraza” izan dela dio aurretik haiekin lan egindakoa delako: “Nire lehen mezua izan da jokalariak beraiek direla protagonistak eta Realak gorantz egitea haien esku dagoela; beraien errendimendurik onena ateratzea dela gakoa”.