'Basques in Australia' erakusketa Amorotora helduko da
Zapatuan [abenduak 20] bisita gidatu batekin zabalduko ditu ateak, eta ikusgai egongo da urtarrilaren 15era arte. Urtarrilaren 10ean hitzaldia egongo da.
Lea-Artibaiko hamaika herri igaro ditu Basques in Australia erakusketak, eta hurrengo geltokia Amoroto izango da. Zapatuan [abenduak 20] zabalduko ditu ateak, eta urtarrilaren 15era arte egongo da ikusgai.
Hamar panelez osatutako erakusketa da, eta bakoitzak gai bat lantzen du. Amorotoko elizan egongo da ikusgai, eta zapatuan [abenduak 20] bisita gidatu baten bitartez egingo dute irekiera ekitaldia, 12:30ean; ostean, luntxa egongo da. Urtarrilaren 10ean, ostera, hitzaldia egongo da, 18:00etan, kultur etxean.
Bi ekitaldi horiez gain, erakusketa zabalik egongo da abenduaren 24an 17:30etik 19:00etara eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 4an, 12:30etik 14:30era. Gainontzeko egunetan joan nahi izanez gero, aldiz, udaletxera deitu beharko da.
Australiar Elkarteak 2023ko irailean inauguratu zuen erakusketa ibiltaria, eta ordutik, herriz herri ipini dute ikusgai: “Erakusketa ibiltaria izatearen arrazoietako bat hori izan da, bertan bizitakoek aukera izatea erakusketa lehen pertsonan ikusteko eta bakoitzaren bizipenak partekatzeko, protagonistak beraiek direlako”, azaldu du Esther Korta Australiar Elkarteko kideak.