Hasiera biribila eman diete San Tomas jaiei Ziortza-Bolibarren
Domekan [abenduak 14] zesta partidak eta jubilatuen bazkaria eduki zituzten. Barikutik domekara [abenduak 19, 20 eta 21] jaiak ez du etenik izango.
Zesta partidak jokatu zituzten domekan.Ziortza-Bolibarko Udala Askorentzat Gabonak familia giroan elkartzeko izan ohi diren bezala, San Tomas jaiak lagun eta herritarrekin elkartzeko jaiak dira ziortza-bolibartarrentzat. Hala, domekan [abenduak 14] eman zieten hasiera jaiei, baina barikutik domekara [abenduak 19, 20 eta 21] egingo dituzte ospakizun gehienak.
Domekan mezagaz hasi zuten eguna, eta ostean zesta partidak egon ziren frontoian, Gollebar Jai Alai taldearen eskutik: “Herriko ume eta gaztetxoak ibiltzen dira entrenatzen, eta eurek jokatu zuten. Frontoia goraino bete zen”. Eguerdian, ostera, jubilatuek bazkaria egin zuten Ikestei jatetxean, eta 58 lagun joan ziren: “Bazkaria ondo joan zen, eta eguna biribila atera zen”.

Jubilatuen bazkaria egin zuten domekan Ikestein.Ziortza-Bolibarko Udala
Errifak saltzen ere aritu ziren puntistak, eta sari ederrak banatuko dituzte. Ibarluzea puntistaren kamiseta 521 zenbakiak irabazi du (842 da ordezkoa); Urrestiren kamiseta, 136 zenbakiak (467, ordezkoa); Kanpape jatetxean bi pertsonentzako menu berezia, 500 zenbakiak (707, ordezkoa); Euskitzeren ardo kofrea, 52 zenbakiak (248, ordezkoa); eta Euskal Selekzioko kamiseta, 634 zenbakiak (761, ordezkoa). Zenbaki saritua edukiz gero, elkarteko kideekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
Hiru egunez, etenik barik. Barikuan ekingo diete jaien bigarren txandari. Umeen eguna domekan izan ohi den arren, aurten San Tomas eguna tokatzen denez, barikura aldatu dute. Hala, Esna gazte ikuskizun parte hartzailearekin emango diete hasiera arratsaldeari, frontoian: “Ume eta gaztetxoentzako da. Karaokea eta dantza moduko ikuskizuna da, eta parte hartu ahal izango dute”. Txokolatea bizkotxoarekin jateko aukera egongo da ostean, eta egunari amaiera emateko adin guztietarako egokia den Legea gu gara antzezlana egongo da: “50 minutu inguruko antzezlana da, umoretsua”.
Zapatuan izango da herritar denak elkartzeko eguna, izan ere, bazkaria egingo dute: 110 nagusi eta 32 gazte elkartuko dira. Elkartzeko beste aitzakia bat izango da iluntzean egingo duten ugazabaren eta errenteroaren parodia eta gaztaina jana: “Herritarrok urtero egiten dugun antzezlan moduko bat da, eta 50 lagun inguruk parte hartzen dugu. Urtero bezala, ostean gaztaina jana egingo dugu”. Parodiaren aurretik eta ostean, Fan&Go erromeria arduratuko da musika ipintzeaz. Antolatzaileek zapatuan baserritar jantzita joateko deia egin dute.
Domekan, San Tomas Egunagaz batera, taloak izango dira protagonista. Txistulariekin emango diete hasiera egunari, eta mezaren ostean, Zeargoi herriko dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Arratsaldean, aldiz, talo jana egingo dute frontoian, Haize Arrosa taldearen ikuskizunagaz batera. Jaiei amaiera Ana Goitiaren bakarrizketagaz emango diete.
Auzolana. Herriko talde eta elkarteak aritu dira jaiak antolatzen, Ziortza-Bolibarko Udalagaz eta kultura-batzordeagaz batera, eta udal ordezkariek adierazi dute ezinezkoa izango litzatekeela jaiak aurrera ateratzea herritarren laguntzarik barik: “Dena antolatzen dugu denon artean, eta herriko norbanakoek ere parte hartzen dute. Eta eskerrak herritarrei, ze, bestela ezingo genituzke jaiak antolatu. Denon artean eginda errazagoa da dena, eta gusturago aritzen gara”.
Egitaraua.
- Abenduak 19, barikua.
- 18:00. Esna gazte ume eta gazteentzako ikuskizuna, frontoian.
- Ondoren. Txokolatea bizkotxoarekin.
- 22:00. Legea gu gara antzezlana, frontoian.
- Abenduak 20, zapatua.
- Goizean. Txistularien kalejira.
- 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
- 17:30. Erromeria, Fan&Go taldearekin.
- 20:00. Ugazabaren eta errenteroaren parodia eta gaztaina jana.
- Ostean. Fan&Go.
- Abenduak 21, domeka.
- Goizean. Txistularien kalejira.
- 11:30. Meza.
- Ostean. Zeargoi dantza taldea.
- 18:00. Talo jana, frontoian.
- 18:30. Haize Arrosa taldearen ikuskizuna, frontoian.
- 20:00. Ana Goitiaren bakarrizketa, frontoian.