Bihar [abenduak 17], urtarrilaren 14an eta 15ean greba deitu dute LABek eta ELAk Bizkaiko garbikuntzako sektore osoan. Hiru urte hitzarmena negoziatzen ibili ostean, Bizkaiko garbikuntza sektoreko langileek greba egingo dute, "nahikoa" dela esateko.
Izan ere, LABek adierazi duenez, patronalak baja osagarriak ezabatu nahi ditu sektorearen soldata igoeraren truke, eta bajak ezabatu ezean, ez du hitzarmena sinatuko: “Xantaia honen aurrean argi daukagu bermatu egin behar direla lan osasuna eta gutxieneko soldata duinak. ez dugu onartuko eskubideen atzera urratsik”.
Horregatik, bihar lehenengo greba eguna izango dute garbikuntzako langileek, eta 11:00etan, Ondarroako Artibai Egoitzaren aurrean batuko dira, elkarretaratzea egiteko. “Gogoratu behar da patronal horien atzean milioi askoko irabaziak dituzten enpresak daudela, hala nola FCC, ISS, EULEN, SERVEO, CLECE-ZAINTZEN eta beste asko. Enpresa horiek eskulana erabiltzen dute zerbitzua emateko, eta beren irabazi marjinak kondenatzen gaituzten prekarietatean oinarritzen dituzte. Adibide gisa, FCCk 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan bere diru-sarrerak %7,7 igo ditu 2024ko datuekin alderatuta (ia 50.000 milioi euro), eta bitartean negoziatzeko tarterik ez dutela sinestarazi nahi digute. Beraz, guzti honengatik, bihar lehenengo elkarretaratzea egingo dugu, egoera bidegabea salatu eta patronalei beren jarrera aldatzeko eskatzeko”.