Ondarroako udal langile batek jasandako erasoa salatu eta elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute
Zapatuan [abenduak 13] udal langile batek jasandako erasoa salatuko dute bihar [abenduak 17], Ondarroan. 12:15ean izango da Ondarroako udal langileek deitutako elkarretaratzea.
Zapatuan [abenduak 13] udal langile baten ibilgailu pertsonalari pintaketa “iraingarriak” egin ziotela salatu du Ondarroako Udalak, eta honen aurrean, udal langileek elkarretaratzea deitu dute biharko [abenduak 17], Udal langileei erasorik ez lelopean, 12:15ean, Alamedan.
Ondarroako Udalak “kezka handiz” hartu du erasoa, eta horrelako erasorik ez duela onartuko azpimarratzeaz gain, babesa adierazi dio erasoa jaso duen langileari: “Kezka handia dugu, udal langileen kontrako erasoak errepikatzen ari direla ikusita. Bitxia, Ondarroako Udaletik Udaltzaingo eredu propioaren bidean egiten ari garen urratsen aurrean erasoek aurrera jarraitzea. Gertatutakoa “oso larria” dela azpimarratu dute udal ordezkariek: “Udalak ez du onartzen horrelakorik, eta babesa adierazten die udal langileei, udaltzainei, eta, bereziki, asteburuan erasotua izan den udaltzainari”.
Bestalde, LAB Sindikatutik ere elkartasuna eta babesa adierazi diete langileari: «Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula inola ere onartzen udal langileen aurkako indarkeriarik edota errespetu faltarik. Udal langileek herritarren zerbitzura lan egiten dute, eta horretarako, segurtasuna, duintasuna eta errespetua bermatu behar zaizkie».
Horrelako jarrerek udal langileen artean «lekurik ez» daukatela esan dute sindikatuko ordezkariek: «Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu erasoa jasan duen lankideari».