Osakidetzak ziurtatu du ez dutela Etxebarriko martitzenetako kontsulta kenduko
Etxebarriko Udalak martitzenetako mediku-kontsulta gal zitekeela-eta sortu diren herritarren kezkak helarazi dizkio Osakidetzari. Erakundeak erantzun du ez dagoela kontsulta hori «modu iraunkorrean» ixteko erabakirik.
Etxebarriko Udalak herriko osasun zerbitzuaren murrizketak direla-eta zabaldu diren zurrumurruak eten eta egoera argitu nahian, Osakidetzara gutun bat helarazi zuen azaroaren 21ean. Miren Martinez Ayuso Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuaren Zuzendariak erantzun du ez dutela erabaki martitzenetako kontsulta modu iraunkorrean ixtea, nahiz eta azkenaldian arreta-zerbitzuan aldaketak izan diren.
Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak gutunean azaldu zuenez, oraintsura arte Etxebarrian astean birritan eduki dituzte herritarrentzako mediku kontsultak, martitzenetan eta eguenetan, hain zuzen ere: “Eguenetan herritarrak Markina-Xemeingo azokara joaten dira, eta bide batez, hango osasun etxera ere bai. Hori dela eta, Etxebarriko eguenetako kontsulta kendu egingo zutela adierazi ziguten”. Ondorioz, Etxebarriko osasun-etxeko zerbitzua martitzenetara mugatu zen.
Iriondok gutunean zehaztu zuenez, egoera berriro aldatu zen azken asteetan, gripearen eraginez: “Azken aste hauetan, gripearen eragina dela eta, Markina-Xemeingo osasun etxean errefortzuen beharra dutela arrazoituz, osasun etxetik jakinarazi dute Etxebarrira ez dela medikurik etorriko”. Era berean, herrian zabaldu ziren zurrumuruek kezka sortu zutela ere jaso zuen alkateak: “Zabaldutako zurrumurruen arabera, martitzenetako kontsultak ere kentzeko asmoa dago”.
Hala, herritarren eta udalaren kezka adierazi, eta tokiko osasun kontsulten garrantzia nabarmendu zuen alkateak Osakidetzari helarazitako gutunean: “Gurea herri txikia izanik, bertako osasun-kontsultek ezinbesteko garrantzia dute herria bizirik mantentzeko eta herritarren bizi-kalitate duina bermatzeko”.
Zailtasunak. Osakidetzaren erantzunaren arabera, gaur gaurkoz ez dute martitzenetako kontsulta itxiko. Euren eguneroko jardunari dagokionez, adierazi dute medikuen opor, lizentzia eta baimenak estaltzeko “zailtasun handiak” dituztela. Gaineratu dutenez, arazoa ez da Barrualde-Galdakaoko ESI-ra mugatzen: “Egoera antzekoa da Osakidetzako gainerako zerbitzu-erakundeetan. Gure ESIaren kasuan, egoera are larriagoa da erakundeak daukan hedaduragatik eta biztanleriaren sakabanaketagatik; izan ere, landa-eremuko gune txiki asko dauzkagu, eta horrek absentziak estaltzea zaildu egiten du, nabarmen”. Azaldu duenez, hori da Markina-Xemeingo kasua, eta unitate txikia izateak “egoera okertzen du”.
Martinezek azaldu duenez, halako egoeratan jarduera berrantolatu behar izaten dute “osasun-arreta egokia bermatzeko”: “Halakoetan, Markina-Xemeingo erreferentziazko Osasun Zentroaren jarduera asistentziala berrantolatu beharrean gaude, betiere, etxez etxeko arreta bermatuz, arreta-eremu osoan, patologia medikoengatik hala behar duten erabiltzaileei”.