18-36 urtekoei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko baldintzak gehiago hobetu ditu udalak
Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago 2026ko urtarrilaren 31ra arte.
Lekeitioko Udalaren buruhauste nagusietako bat da etxebizitza. Batez ere, lekeitiar gazteei beraien herrian bizitzeko aukera eman nahi diete eta horregatik 18-36 urte bitartekoei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko baldintza gehiago hobetu dituzte. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago 2026ko urtarrilaren 31ra arte. Hain zuzen ere, udaletik nabarmendu dute aurreko urtean baldintzetan egindako hobekuntzei esker diru laguntza jaso zuten herritarren kopurua igo egin zela: sei gaztetik 19 gaztera.
Aurten zenbait hobekuntza sartu dituzte. Batetik, Eusko Jaurlaritzak bere dirulaguntzetan egin dituen aldaketak barnean izateko. Bestetik, aurreko ordenantza aldaketa dela eta eskatzaile gehiagok egin zutenez eskaria eta kasuistika handitu zenez, zenbait kontu argitu behar izan dituzte. Adibidez, norbera elkarbizitza independentea izan ahal izateko baldintzak bermatzeko.
Hobekuntzen artean dago ezkontza bidez elkartuta dauden pertsonen eta erregistratutako izatezko bikoteen kasuan, kontratua bietako batek sinatuta ere, biak izan ahalko direla onuradun. Izatezko bikoteen kasuan, ondasunen banaketa edukiz gero, eskatzailearen beraren diru-sarrerak edukiko dituzte kontuan.
Eskatzaile bakarraren kasuan, 25.000 euro zen urteko diru-sarrera gordina, 28.000ra aldatu zen aurreko ordenantzan, eta orain 30.000 eurokoa jarri dute. Bi eskatzaileren kasuan, 35.000 zen bien arteko urteko diru-sarrera gordina eta aurten 36.500 eurokoa. Horrez gain, laguntzetarako adin muga 35etik urtera 36 urtera pasatzea.
Aurreko urteetako hobekuntzan gogoratu dituzte, tartean elkarbizitza unitatearen definizioa: “Etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahalko dira onuradun, baldin eta errentamendu kontratua denek sinatzen badute banan-banan. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza Elkarbizitza Unitate independentea izango da eta kontratua sinatu duten guztien artean hainbanatuta konputatuko da errenta”.
Aurreko ordenantzako aldaketako bat izan zen hileko alokairuaren mugarik ez izatea, lehen 650 eurokoa zen. Horrez gain, lehen gutxienez bi urte egon behar zen erroldatuta Lekeition. Orain, deialdia ateratzen den urteko urtarrilaren 1a baino arinago izatearekin nahiko da. Dirulaguntzaren zenbatekoa 100 eurokoa izango da alokairuko etxebizitza bakoitzeko, eta Elkarbizitza Unitate independentea osatzen duten banakoen kasuan, dagokion hainbatekoa konputatuko da, eta 12 hilabeteko epealdi baterako izango da.