Berriatuan hasiko da bigarren aldiz jarraian Emakumeen Jai Alai Liga
Master txapelketa gizonezkoen laugarren proba puntuagarria izango da. Abenduaren 26an eta urtarrilaren 2an jokatuko dituzte finalaurrekoak eta urtarrilaren 9an finala.
Berriatuan zesta-puntak indar eta tradizio handia dauka. Afizionatuetan txapelketa entzutetsuenak antolatzen ditu eta profesionaletan ere bere tokia dauka. Lehen banakako txapelketa hartzen zuen, eta aurten bigarren aldiz jarraian Emakumeen Jai Alai Ligaren hasiera hartuko du Mendibarren frontoiak. Horrez gain, Berriatukoa gizonezkoen ligarako laugarren proba puntuagarria izango da.
Hain zuzen ere, bi berriatuarrek daukate denboraldi osorako Jai Alai Ligako txapeldunak bezala nabarmentzen dituen urre koloreko gerrikoa: Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea. Aurrelariak argi dauka saiatuko dela urrezko gerrikoa defendatzen “txapelketaz txapelketa eta puntuz puntu”. Etxen hastea “pozgarria” dela dio, “Gabonetako txapelketa delako eta herriko jende asko elkartzen delako”. Kantitatetik kalitatea ateratzen da eta argi daukate Jai Alai Ligak “goranzko” bidea hartuta duela.
Aurten hiru dira berritasun nagusiak zirkuituan: Alize Arriaga eta Lur Lejardi markina-xemeindarrak eta Eneritz Lizardi mutrikuarra. Emakumezkoen Jai Alai Ligak pilotari eta txapelketa gehiago hartuko ditu aurten. Arriaga “oso pozik eta eskertuta” agertu da ligan sartu eta lehen txapelketa jokatzeagatik. Puntista bakoitzak gutxienez lau txapelketa jokatuko ditu eta markina-xemeindarra prest dago “gorengo mailan eta onenen kontra” jokatzeko. Alde horretatik, Mendibarren frontoian hasteak mesede egiten diola uste du: “Pilotaleku txikiagoa da eta neskek distira gehiago egiten dugu bertan pilota gehiago atzeratu dezakegulako eta egokiagoa da”.
Lizardi nagusiagoa bada ere, belauneko lesioak tarteko, lehen aldiz jokatuko du hasieratik Jai Alai Liga. Denek bezala, Donostiko Lauko Finala dauka helburu mutrikuarrak, baina badaki “lan asko” egin beharko duela azken fasera heltzeko. “Liga indartzea oso garrantzitsua da guretzat eta ikusten da gero eta neska pilotari gehiago datozela atzetik. Mailak eta lehiakortasunak ere gora egin du eta oso pozgarria da”. Gizonezkoetan ez bezala, ez dute Winter Series txapelketagaz hasiko denboraldia. Hala ere, Durangokoa prestatzeko “ondo” etorriko zaiela uste du Lizardik, batez ere Berriatuan “asko jokatutakoa” direla denak.
Gizonezkoentzat laugarrena
Master mailako txapelketa da Berriatukoa mutilentzat. Hemen ere badaude berritasunak. 16 urteko Aratz Goikoetxeak debuta egingo du profesionaletan. Azken urteetan Berriatuko Zesta Eskolako gazteren bat sartzen saiatu dira eta aurten atzelariari egokitu zaio. Etxean debutatzea “ohore handia” dela dio eta ez duen esperientzia hori frontoiaz duen ezagutzaz ordezkatu nahi du. Laguntzeko ez du aurrelari hoberik aurkitu: Aritz Erkiaga. “Handia da Erkiagagaz debutatzea eta nire onena ematen saiatuko naiz, batez ere pilota eutsi egiten dut eta errebesez pilota atzeratu”.
Berriatuan gutxiago jokatutakoa da Unai Lekerikabeaskoa. Bigarren aldiz lehiatuko du txapelketa profesionaletan. Hala ere, aitortu du Mendibarren bezalako frontoi txikiak “gustuko” dituela eskumaz “min handiagoa” egin dezakelako. Batez ere, herriko jarraitzaile kopurua nabarmendu ditu, “zaleak gainean daude eta beraien berotasuna nabaritzen da”. Gainera, Gernika-Lumoko Winter Series Txapelketako finalaurrekoetarako sailkatuta egoterakoan “erritmoa mantentzeko” balioko dio.
Abenduaren 26an eta urtarrilaren 2an jokatuko dituzte finalaurrekoak eta urtarrilaren 9an lehiatuko dute finala. Jaialdi guztiak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak partidaren aurreko astelehenean jarriko dituzte salgai Internet bidez. Finalerdietakoak 10 euroko prezioa dute eta finaletakoak 15 euro
Egutegia:
- Abenduak 26
Erika Mugartegi-Alize Arriaga VS Ihart Arakistain-Arai Lejardi
Aritz Erkiaga-Aratz Goikoetxea VS Alex Goitia-Julen Del Rio - Urtarrilak 2
Lur Lejardi-Maia Goikoetxea VS Elaia Gogenola-Eneritz Lizardi
Xabi Barandika-Jon Zabala VS Eñaut Urreisti-Unai Lekerikabeaskoa - Urtarrilak 9
Finalak
